Ikerketa bat gauzatu dute OME Osasunaren Munduko Erakundeko teknikariek Wuhanen (Txina), eta atzoeman zituzten ateratako ondorioei buruzko azalpenak. Agerraldi bat egin zuten horretarako, eta, bertan adierazi zutenez, ikerlanak balio izan du, batez ere, aurretik zituzten uste batzuk baieztatzeko. «Gauza berri asko ikasi ditugu? Ez dakit. Ordea, balio izan digu birusari buruz gehiago ikasteko? Guztiz», azaldu zuen Peter Embarek OMEko Elikadura Segurtasun eta Zoonosi programetako zuzendari eta Wuhango ikerketa taldeko presidenteak.
2019 amaieran Wuhango Hunan merkatuan atzemandako lehen kasuen aurretik ere SARS-CoV-2 birusa inguru haietan zabaldua zegoela erakusteko «zantzu nahikorik» ez dagoela esplikatu zuten, eta Wuhango merkatu hori ez zela izan birusaren agertoki bakarra. Bestalde, OMEko ordezkariek nabarmendu zuten «biziki gertagaitza» dela birusa laborategi batetik atera izana, eta funtsik ez dutela hori zabaldu duten berriek. Ozendu egin zituen, adibidez, Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohi Donald Trumpek, eta zeresana franko eman dute. Atzo OMEko adituek berretsi zuten COVID-19aren birusak animaliaren batean duela jatorria.
Wuhango Hunan itsaski merkatuan gertatutako kutsatzeak izan ziren koronabirusaren lehenbiziko agerraldi ezagunak, 2019ko abenduan. Hain zuzen ere, hara jo dute OMEko ikerlariek egunotan, eta birusak herrialdean utzitako lehen arrastoei adi erreparatu diete. Argitu dute, hala ere, birusaren agerraldiak ez zirela merkatuan bakarrik izan.
Ikerketa lerroak
Birusaren jatorriari buruz ikerketak egiten segitu beharra dagoela nabarmendu dute OMEko adituek, eta askotariko hipotesietatik abiatuta segituko dutela, gainera, lanean. Besteak beste, Wuhango Hunan itsaski merkatuko produktu izoztuei erreparatuko diete, birusak baldintza horietan duen transmisiorako gaitasuna aintzat hartuta, eta onartu dute aztertzen ari diren aukeretako bat dela atzerritik hel zitekeela birusa Txinara, izoztutako produkturen baten bidez. Ikerketetan sakontze aldera, Txinako odol bankuetako laginak aztertzeko asmoa ere badute orain ikertzaileek.
Gizakietara heldu aurretik birus hau animaliaren batean hedatu zela uste izan dute hasieratik aditu askok, eta bidaia honetan ere tentuz erreparatu diote gai horri. «Baina ez dirudi birusaren zirkulazio handia zegoenik inguruko inolako animaliatan». Horregatik, produktu izoztuen eta beste hainbat elikagairen gaineko «zantzuen» gaineko ikerketekin jarraitu behar dela esan dute. «Oraindik lan handia dago hor egiteko».
Onartu dute saguzarrak egon daitezkeela birus honek jatorrian ere, eta bide horretan ere ikerketak egiten jarraitu behar dela uste dute. Txinako adituek, berriz, atzoko agerraldian esan zuten birusa akaso munduko beste herrialderen batean ibil zitekeela Txinara heldu aurretik.
Koronabirusa
COVID-19aren birusa animalia batetik datorrela berretsi du OMEk Txinan
Osasunaren Mundu Erakundeko adituek herrialdean egin duten bisitan eginiko aurkikuntzen berri eman dute. Zer ikertua franko dago oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu