COVID-19aren agerraldiak atzeman ditu Osakidetzak Bizkaiko bi erietxetan: Basurtukoan eta San Eloyn

Basurtuko ospitaleko Revilla eraikinean atzeman dute agerraldi bat, bost kasu positibo, pazienteen artean; Barakaldo-Sestaoko erakunde sanitario integratuan, berriz, hogei kasu atzeman dituzte San Eloy erietxeko oftalmologia zerbitzuko langileei egindako baheketa batean

arantxa iraola
2021eko abenduaren 9a
19:14
Entzun

Osasun sistemako ospitaleetan atzemandako beste bi agerraldiren berri eman du Osakidetzak. Bizkaian atzemandakoak dira biak, Basurtuko erietxean eta Barakaldo-Sestaoko ESI erakunde sanitario integratuan. Basurtuko erietxeko Revilla eraikinean bost kasu positibo diagnostikatu dituzte, pazienteen artean. Barakaldo-Sestaoko erakunde sanitario integratuan, berriz, hogei kasu atzeman dituzte Barakaldoko San Eloy erietxeko oftalmologia zerbitzuko langileei baheketa bat egin ostean.

Agerraldiak hesitze aldera, hainbat neurri hartu dituzte osasun sistemako arduradunek. Basurtuko erietxean, horra: Revilla 3 lantegian ez dute beste inor hartuko oraingoz; abenduaren 9an ospitaleratutako paziente guztien baheketa egingo dute erietxe osoan; Revillako profesionalen artean baheketa egingo dute; eta bisitak debekatu eta gaixoen ondoan egoteko aukerak «murriztu» egingo dituzte Revilla 3 gunean.

Bigarren agerraldiari dagokionez, «kasuen eta kontaktuen jarraipena» egiten ari direla esan dute osasun sistemako arduradunek, eta beste proba bat egingo dietela. Izango da ondoriorik erakunde sanitarioko funtzionamenduan. «Zirkunstantziak kontuan hartuta, oftalmologiako Barakaldoko eta Sestaoko kontsulta anbulatorioen jarduera guztia eta oftalmologiari buruzko San Eloy ospitaleko kontsulten zati bat bertan behera utziko dira», jakinarazi dute. Programatutako jarduera kirurgikoa ere bertan behera utziko dute zerbitzu horretan: «premiazko edo atzeraezinezko jarduera kirurgikoa» besterik ez dute bermatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.