INE Espainiako Estatistika Institutuak heriotzei buruzko behin betiko datuak eman ditu, eta berretsi du iaz izan ziren heriotzen %12 COVID-19aren ondorio izan zirela. Denera, 30.914 heriotza izan ziren Hego Euskal Herrian, eta baieztatuta dago 3.783 izan zirela gaitz horren ondorio. Heriotzen gorakada nabarmena izan zen; 2019an hildakoak 27.134 izan ziren; beraz, %12 gehiago izan ziren iaz. Igaro urteetan joera orokortua izan da urtez urte heriotza gehiago izatea; hein handi batean, bizi itxaropena luzatzearekin lotu behar da fenomeno hori, baina ez zen ikusi halako igoerarik aurreko urteetan. Orain arte, urte batetik besterako igoerak %2-3 ingurukoak izan dira. Heriotzen erregistro modernoak 1980tik aurrerakoak dira Hegoaldean, eta INEk ez zuen sekula jaso hainbeste heriotza urte bakarrean. Iazko gorakada kolpe bakar batean izan zen.
Gaitz infekziosoen ondorioz 4.623 eri hil ziren denera Hegoaldean iaz; %81, COVID-19aren eraginez. Adin tarteetara begira, datuotan ere nabari da infekzioak gogorrago erasan diela adinekoei. 75 urtetik gorakoak zirenCOVID-19aren ondorioz hildako 3.175 pertsona, hildako guztien %83. Hortik behera, gazteagoetan, koskaz koska, apaldu egiten dira datuak. Izurria hasi zenetik, birusak 6.081 pertsona hil ditu denera.
Bestelako heriotzak
COVID-19aren izurriak datuetan eragin nabarmena izan duen arren, bestelako aldagaiei ere erreparatu behar zaie heriotzei buruzko ikerketetan. Suizidioei buruzko datuetan, esaterako, kezka bada urteotan, igoera agerikoa baita. Arlo horretan ari diren adituek maiz nabarmendu izan dute, gainera, datuetan ez direla agertzen gertatzen diren suizidio guztiak: asko ezkutuan geratzen dira. Ofizialki iaz INEk jasotako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 223 pertsona hil ziren beren buruaz beste eginda, auto istripuetan hildakoak halako hiru. 75 pertsona hil ziren ezbehar horietan. Gaiaren inguruko kezka gero eta agerikoagoa da, eta ugarituz doaz suizidioak eragozten lagunduko duten politika publiko indartsuak sustatzeko eskabideak.
Igoera egon da 2019arekin alderatuta: 193 suizidio izan ziren orduan. Pandemiak buruko osasunean eragin dituen arazoek kezka piztu dute, eta tentuz aztertu beharko da zer dagoen datu horien atzean. Ezin da ahantzi, hala ere, suizidioek ez dutela izaten kausa bakar bat normalean; faktore askok eragina dutela diote bai adituek, eta bai suizidioaren gaineko neurriak eskatzen ari diren eragileek.
Koronabirusa
COVID-19ak 3.783 pertsona hil zituen iaz Hego Euskal Herrian
Hildako guztien %12 izan zirela berretsi du INE Espainiako Estatistika Institutuak, heriotzei buruz plazaratu dituen behin betiko datuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu