Cousok aurreratu du Nafarroako Ahal Dugu bi taldetan banatuko dela

Alderdiak nahi du talde barruan banatzea parlamentuko parte hartzeak eta baliabideak, baina Cousok azaldu du bi elkarte sortuko dituztela

Couso eta Aznarez. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Batzuek diote akordioa ia eginda dagoela, eta besteek gezurtatu egin dute. Nafarroako Ahal Dugu-k Laura Perezi diziplina espedientea ireki eta hura alderditik kanporatu zuenetik, parlamentuan, de facto, taldea bitan zatituta dago, eta sektore kritikoko lau legebiltzarkideek gehiengoa eta kontrola dute. Hala, azken asteetan taldeari Orain Bai izena jartzea proposatu dute, hori baita haien barne korrontearen izena. Alta, Parlamentuko Eledunen batzordeak bi astez atzeratu du eskaera. Atzo, Carlos Cousok aurreratu zuen akordioa «lortzear» direla, eta «ostegunerako» eginda egongo dela: haren esanetan, bi talde osatuko dituzte; bakoitzak eledun bana izango du, eta ordezkaritzaren arabera banatuko dituzte parlamentuko parte hartzeak eta baliabide ekonomikoak.

Ahal Dugu-ko barne iturriek gezurtatu dute bi talde osatu nahi dituztela. Izan ere, iturri horien esanetan, iragan astean proposamen bat helarazi zion alderdiaksektore kritikoari. Asteburu honetan, Nafarroako Ahal Dugu-ren Herritarren Kontseiluak proposamen horren alde bozkatu du.

Batetik, Nafarroako Ahal Dugu-k proposatu du bi sektoreak talde barruan zatitzea, eta ez bi talde osatzea. Ados daude parte hartze zein baliabide ekonomikoak ordezkaritzaren arabera banatzearekin, baina sektore kritikoarieskatu diote fakturak alderdiari pasatzeko, Kontu Auzitegiak Ahal Dugu-ri eskatuko dizkiolako kontuak. Barne iturrien arabera, sektore kritikoa ez dago ados puntu horrekin. Bigarrenik, batzuen eta besteen arteko kritikak alboratzeko akordioa eskatu du alderdiak, baina, iturrien arabera, kritikoak ez daude ados.

Hala ere, Cousok atzo aurreratu zuen asteon konponduko dela auzia, eta, horregatik, orain alderdiak du presioa. Iragan legealditik, lau parlamentari baino gutxiago dituzten indarrek ez dute osatzen taldea, parlamentari elkartea baizik, eta gauza bera egin nahi dutela aurreratu du Cousok.

Hala balitz, ikusteko dago nola eragiten dion parlamentuari. Egun, bi elkarte daude —PP eta Ezkerra—, eta legealdi hasieran osatu ziren. Bakoitzak batzordeetan parte hartu eta aholkulari propioa izan dezake. Ahal Dugu-ren krisiaren konponbidea parlamentu taldea bi elkartetan zatitzea bada, Nafarroako Parlamentuko aurrekontua handitzera behartzen du. Ikusi beharko da beste taldeek zer dioten. Gainera, Parlamentuko Mahaiak erabaki behar du ea araudia betetzen duen. Ainhoa Aznarez presidentea izaki, oposizioak bere interesetan aritzea egotzi diezaioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.