Costumerok dio alabaren zaintzan dena kendu diotela: «Hutsaren hurrengoa naiz»

Bizkaiko Aldundiko lau funtzionario epaitzen ari dira, horietako bat Sergio Murillo Gizarte Ekintzako egungo diputatua. «Umearen on beharrez» aritu zirela diote

Sergio Murillo eta Consuelo Alonso, atzo, Bilbon, epaiketaren hasieran. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Hasi da Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzan umeen eta nerabeen babeserako arloan ziharduten lau funtzionarioren kontrako epaiketa Bizkaiko Auzitegi Probintzialean. Irune Costumerok jarritako salaketa dute aztergai auzian: 2017ko abuztuan alabaren zaintza kendu zioten behin-behinean, eta orain Costumerok prebarikazioa, tratu txarrak eta kalte psikikoak eragitea leporatzen die lau teknikariei. Salatu du alabaren zaintzari dagokionez «dena» kendu diotela: «Neu erditu naiz umeaz, baina hutsaren hurrengoa naiz».

Costumeroren auzi partikularraz gain, beste zerbait ere badago ezbaian epaiketa honetan. Erabakia hartzerakoan, GAS gurasoen alienazioaren sindromea aintzat hartu zuten teknikariek. Ustez guraso batek bestearen kontra umea manipulatzea da sindrome horren esanahia, baina aditu ugarik adierazi dute ez dagoela horrelakorik: OME Osasunaren Mundu Erakundeak ofizialki ukatu du horrelako sindrome bat dagoenik, eta Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak agindu du hori aintzat ez hartzeko auzibideetan. Akusatuek euren adierazpenetan ez dute GASa hitz horiekin aipatu, baina modu batera edo bestera azaldu dute umearen jokabidea Costumerok baldintzatuta zegoela.

Are gehiago: teknikariek esan dute erabakia hartzerakoan Balora izeneko tresna erabili zutela. Eusko Jaurlaritzak diseinaturiko galdetegi moduko bat da Balora, haur bat babesgabetasun egoeran ote dagoen aztertzeko eta babesgabetasun horren larritasuna neurtzeko. Azaldu dutenez, tresna horretan neurtu beharreko item bat da «haurraren erabilpena» guraso baten aldetik.

Akusatuetako bat Sergio Murillo da, Gizarte Ekintzako gaur egungo foru diputatua. Garai hartan, Autonomia Pertsonala Sustatzeko zuzendaria zen, baina, Ume eta Nerabeen Zerbitzuko zuzendaria oporretan zegoenez, berak sinatu zuen Costumerori alabaren zaintza kentzen zion foru agindua. Auzi honetan inputaturik zegoelarik izendatu zuten Gizarte Ekintzako diputatu.

Murillok defendatu egin du auzi honetan erabilitako prozedura, eta nabarmendu du umea «arrisku larrian» zegoela eta ezin zela beste modu batera jokatu: «Hartutako erabakiak hartu izan ez bagenitu, adin txikikoa babesik gabeko egoeran geldituko zatekeen», azaldu du.

Antzeko zerbait deklaratu du Umeen Zerbitzuko arduradun Consuelo Alonsok. Esan duenez, «umearen on beharrez» aritu ziren: «Umearen Zerbitzuak zer interes izan dezake, umearen ongizatea ez bada? Akusatuen aulki honetan eserita egotea?».

Tratu txarren salaketa

Costumeroren testigantza oso bestelakoa izan da. Esan duenez, 2013an banatu zen senarrarengandik, tratu txarrengatik jarritako salaketa tartean izanik, eta umearekin gurasoen etxera joan zen, baina senar ohiak umea «bahitu» zuen, eta bi hilabetez ez zuen hura ikusterik izan.

Banaketa gauzatu zenean, epaileak ebatzi zuen umearen zaintza partekatua izango zela, baina, Costumerok dioenez, umeak uko egiten zion aita ikusteari, eta esaten zuen jo egiten zuela. Azaldu du berak inoiz ez duela galarazi umeak aita ikustea, eta gizarte zerbitzuekin kolaboratu duela: «Agindu didaten guztia egin dut, eta aurkeztu dizkidaten paper guztiak sinatu ditut; orain, antza denez, existitzen ez den sindrome batetik sendatu behar dut».

Ama-alabak banatu zituzteneko egunaz ere bertsioak oso desberdinak izan dira. Costumerok esan du «indarrez» eraman zutela; teknikariek, berriz, umearen jokabidea «oso bestelakoa» zela ama aurrean ez zegoenean, eta aitarenera eraman zutenean «pozik» zegoela. Haien arabera, ama eta alaba «lotuegi» zeuden, eta amaren eragina negatiboa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.