COP25: bilana, aurreikuspena bezain eskasa

Neurri zehatzik gabeko testu bat adostu dute klima larrialdiari aurre egiteko bileran. «Etsipena arintzeko» saioa salatu dute eragile sozialek; Jaurlaritzak «mugarri» jo du

COP25 goi bileraren azken eguneko saioa, herenegun. ZIPI / EFE.
jon olano
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
COP25 bilera igandean amaitu zen, Madrilen, eta, bertan, munduko herrialdeak ez ziren gai izan adostasun handirik erdiesteko; ondorioz, klima larrialdiri aurre egiteko neurri eraginkorrik hartu gabe joango dira etxera negoziatzaileak. Ostiral iluntzean zen bukatzekoa bilkura, baina, adostasunik ez zenez, luzatzea erabaki zuen presidentetzak, zeina Txileren ardurapean egon den. Azkenean, herenegun lortu zuten gutxieneko akordio bat (Txile-Madril: Ekintzarako ordua), eta, horren arabera, herrialdeek 2020an neurri gehiago eta azkarragoak hartu beharko dituzte klimaren egoera larriari aurre egiteko. Ez ditu zehazten, ordea, zein neurri diren, eta herrialde bakoitzak bereak aurkeztu beharko ditu. Datorren urtean, Glasgown (Eskozia) izango da COP26 goi bilera, eta ordurako zehaztuta egon beharko da bakoitza zertan ari den.

Madrilgo goi bilera osoan, hainbat gaitan katramilatu dira herrialdeak, eta nagusia karbono isurien merkatua (saleros-keta) arautzearena izan da, Parisko Hitzarmeneko 6. puntua, hain zuzen. Azkenean, ez dute ezer adostu gai horren inguruan, eta Glasgowko bilerarako utzi dute ados jartzeko aukera. Herrialdeak bat etorri dira gai honetan: zientziari aparteko garrantzia eman behar zaio klima aldaketari aurre egiteko gobernuek hartuko dituzten neurrietan. Baina zientzia aspaldi dabil neurri eraginkorrak eskatzen, eta, oraingoz, ez du erantzun zehatzik jaso gobernuen partetik. Ezta Madrilen ere.

Generoaren Ekintza Plana abian jartzea ere badator akordioan, emakumezkoen presentzia «handitzeko» klimaren inguruko nazioarteko negoziazioetan. Horrez gain, klima aldaketaren eraginak emakumeak gehiago erasaten dituenez, neurriak iragarri dituzte hori bukatzeko, eta pertsona horiek «eragiletzat» hartuko dituzte klimari aurre egiteko neurrietan. 2025ean berrikusiko dute zer bilakaera izaten ari den puntu hori.

Glasgowrako, itxaropentsu

Adostutakoari eta adosteke geratu denari buruzko balorazio kontrajarriak agertu dituzte Euskal Herriko eragile politiko ugarik. Jaurlaritzak, esaterako, irakurketa «izugarri positiboa» egin du: «Mugarri izan da. Ekonomia, industria eta nekazaritza ministroak ikusi ditugu: inoiz ikusi gabeko transbertsalitatea egon da», esan du Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ETBn: «Madrildik aurrera, emaitza positiboak baino ez dira espero».

Bestela mintzatu da Ekologistak Martxan: uste du goi bileran ez direla «gai» izan 2020ko lehen seihilekoan Parisko Akordioaren pean konpromiso berriak jartzera behartzen dituzten aurreikusitako epeak mantentzea lortzeko: «Horrek erraztu egingo zukeen hurrengo goi bileran nazioarteko komunitatea behartu ahal izatea argibide zientifikoak betetzera». Horren ordez, «adierazpen sinboliko bat argitaratu da berriro», elkartearen arabera. Gaineratu duenez, adierazpen hori «operatiboa baino gehiago (konpromiso nazionalak 2020ko bigarren erdian argitaratzeko aukera ematen duena), goi bilera honetako erabakiek gizarte zibil osoan eragin duten etsipena arintzen saiatzeko» hitzartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.