Cony Carranzari eman diote Emakunderen Berdintasun saria

Herri hezitzailea da, eta Euskal Herrian eta El Salvadorren eginiko lana aitortu diote, baita bereziki emakume migratzaileen erreferentea izatea ere

Cony Carranza, saria jasotzen, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Cony Carranza herri hezitzaile feministak jaso du Berdintasunerako Emakunde saria, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren eskutik. Carranza aditua da metodologia emantzipatzailean eta ekonomia feministan, eta hogei urtean baino gehiagoan Euskal Herrian eta El Salvadorren—bere jaioterrian— egin duen lana aitortu nahi izan diote. Landaidak ziurtatu duenez, Carranza erreferente bihurtu da emakume askorentzat, eta, batez ere, migratzaileentzat.

Epaimahaiak, hain zuzen,«ahultasun handiko egoeretan» dauden emakumeei feminismoaren bidez ahalduntzen lagundu izana saritu du. Izan ere, ahalduntze eskolen eta emakumeen etxeen bidez emakumeak ahalduntzeko, kontzientziatzeko eta antolatzeko banakako nahiz taldekako prozesuak bultzatu ditu. Epaimahaiak, bestalde, aintzat hartu du emakumeentzako ahalduntze prozesuen «bideratzaile eta lider» gisa aritzeaz gainera berak ere sufritu duela prekaritatea, beste emakume migratzaile batzuek bezala.

Beste hainbat emakumeren lanari ere aitorpena egin nahi izan diote. «Sari honen bidez, aitorpena egin nahi diegu beste lurralde batzuetako egoerak Euskal Herriarekin lotzeko lanean ari direnei», nabarmendu du Landaidak. Horiez gain, gogoan izan dituzte beste diskriminazio faktore batzuek zeharkatutako emakumeen ahalduntze prozesuak bultzatzen dituztenak ere. Epaimahaiaren iritziz, feminismoen arteko elkarrizketarako beharrezko zubiak eraikitzen dituzte horiek guztiek. Gizartean, mugikortasunean eta aniztasunean gero eta aldaketa gehiago gertatzen ari diren honetan elkarrizketa lan hori ezinbestekoa dela dio epaimahaiak: «Beharrezkoa da emakumeen kolektibo guztien beharrak, errealitateak eta berariazko jarrerak ezagutzeko».

Oso hunkituta jaso du Carranzak Emakunderen Berdintasun saria, eta aldarrikapenerako tartea ere hartu du: «Emakume migratzaileak eta arrazializatuak gizartearen parte garrantzitsuak gara». Mugimendu feministari ere mintzatu zaio, bidea batera egin behar dutela esanez. Erakundeei, berriz, «gizartearen zerbitzuan» egoteko eskatu die.

Hautagaitza bermatua

Epaimahaiak azpimarratu du bere hautagaitza «oso bermatua» egon dela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ia 30 emakumek egindako proposamen kolektibo eta askotarikoen emaitza izan baita. Nabarmendu du berdintasunaren alorrean ibilbide luzea egin dutela emakume horiek, eta emakumeen erakundeetan, sindikatuetan eta erakundeetan parte hartzen dutela.

Emakundek azaldu duenez, sariaren helburua da jendaurrean aitortzea gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko nabarmendu diren pertsona fisikoek eta juridikoek egindako lana. 2006tik, urtero saritu bakarrari ematen diote. Ordutik, besteak beste, Lilaton taldea, Irungo eta Hondarribiko alarde mistoak, eta Maria Macho matematikaria saritu dituzte. Saridun bakoitzari 14.400 euro ematen dizkiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.