'Constitución' plaza Konstituzio plaza da jada

Iruñeko Udalak ele biz jarri du Baluarteko plazaren izena karteletan, auzitegiek agindutakoa betez. Camino de Santiago parkeari ere izena aldatuko diote, eta Magdalenaren parkea izanen da, karteletan euskarari tokia eginez.

Administrazioan Euskaraz Taldeko kideak, Iruñeko Konstituzio plazan. AET
Administrazioan Euskaraz Taldeko kideak, Iruñeko Konstituzio plazan. Aurrerantzean, izena euskaraz eta gaztelaniaz izanen du plaza horrek. AET
Ion Orzaiz.
2024ko maiatzaren 23a
12:35
Entzun

Aldatu dute. Iruñeko Udalak konponbidea emanen dio UPNk gaztelania hutsean jarritako kale izenen auziari. Zehazki, bi ziren euskararen ordenantza urratzen zuten izenak: Konstituzio plaza eta Donejakue Bideko parkea. Bietan ala bietan, erdarazko bertsioa soilik azaltzen zen karteletan. Iragan astelehenean, horiek euskaratzeko eskatu zion AET Administrazioan Euskaraz Taldeak Joseba Asiron alkateari, ohar bidez. Berehala heldu da erantzuna: bi udal langilek aldatu egin dituzte Konstituzio plazako kartelak, eta bertsio elebidunak paratu.

Hain zuzen, Asironek berak eraman zuen auzibidera Konstituzio plazaren izenari buruzko eztabaida. EH Bildu oposizioan zela, Nafarroako Administrazio Auzitegian salatu zuen constitución hitzak bazuela euskarazko itzulpena, eta hori jartzea zegokiola udalari, euskararen ordenantza betetze aldera. Afera administrazioaren esparrutik atera eta epaitegietara egin zuen jauzi, eta, azkenerako, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Asironi, aurtengo urtarrilean. Kartelak aldatuta, ebazpen hori beteko du Iruñeko Udalak.

Gauza bera egin zuen UPNko Enrique Maiak, Txantrea auzoko Donejakueko Bidea parkearekin. «Parque Camino de Santiago» irakur zitekeen parkeko sarbideetan, gaztelania hutsean. AET taldeak errekurtsoa aurkeztu zion neurriari, eta irabazi. Hala ere, UPN alkatetzatik atera den arte, Iruñeko Udalak ez du neurririk hartu egoera onbideratzeko. Kasu honetan, euskarazko itzulpena eransteaz harago, izena bera aldatuko diote parkeari: Magdalena parkea izanen da aurrerantzean, eta, hala, men egin Txantreako bizilagunek eginiko eskaerei. Kartelak euskaraz eta gaztelaniaz paratuko dituztela iragarri du udalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.