CNIko burua kargugabetu du PSOEk, erantzukizun politikorik hartu gabe

Espainiako zerbitzu sekretuetako zuzendari Paz Esteban kargutik kendu du gobernuak, azalpenik gabe. Esperanza Casteleirok ordezkatuko du. Independentistek urrats gehiago eskatu dituzte

Espainiako Defentsa ministro Margarita Robles, atzo, CNIko burua kargutik kendu dutela jakinarazteko agerraldian. EMILIO NARANJO / EFE.
Iosu Alberdi - Ion Orzaiz
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Pegasus softwarearekin egindako espioitza kasuek eztabaida politikoaren erdigunean kokatu dute CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako zuzendari Paz Esteban. Egoerari aurre egiteko, Espainiako Gobernuak hura kargutik kentzea erabaki du. Margarita Robles Defentsa ministroak eman zuen erabakiaren berri, atzo, Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Esperanza Casteleirok ordezkatuko du. Casteleiro Defentsa estatu idazkaria da egun, Roblesen agindupean, eta CNIko kide izan da urte luzez.

«Gobernuak CNIren zuzendaritza aldatzea erabaki du», azaldu du Roblesek. Halere, zerbitzu sekretuen eta orain arte haien zuzendari zen Estebanen alde hitz egin du Defentsa ministroak, eta ez du eman hura kargutik kendu izanaren inguruko argudiorik: «Eskerrak eman behar dizkiot». Kargugabetze hitza erabiltzea ere saihestu du Roblesek, «aldaketa bat» dela esanez. Era berean, Estebanen «ardura» eta ibilbide profesionala nabarmendu ditu, mehatxuak «gero eta handiagoak» diren honetan, eta CNI indartzen jarraitzeko asmoa adierazi du: «Gobernuaren helburuetako bat da CNI modernizatzea».

ERCko bozeramaile Gabriel Rufianek, berriz, adierazi du «logikoa» dela Esteban kargutik kentzea, eta gehitu Roblesen egoera ere «sostengaezina» dela. Halere, ez du uste Sanchezek Robles kargutik kenduko duenik. «Zaila da Robles erortzen uztea, PSOEren parte den eskuin moderatuaren ordezkaria baita», azaldu du. CUPeko Mireia Vehik ere Roblesen dimisioa eskatu du, argudiatuta hura dela «CNIren arduradun politikoa». Mas Paiseko buru Iñigo Errejonek, berriz, «amaierara arte» iristeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, espioitzen atzean nor dagoen eta haiek zergatik egin diren argitu dezan.

Oso bestelako erreakzioa izan dute eskuineko alderdiek. PPko buru Alberto Nuñez Feijook Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari egotzi dio «estatua ahuldu» izana, eta CNIko zuzendariaren «burua» independentistei eskaini izana gaitzetsi.

Voxeko presidente Santiago Abascalek, berriz, Esteban «kriminalizatzea» aurpegiratu diogobernuari: «Sanchezek babesten gaituztenak kriminalizatzea eta erasotzen digutenekin bat egitea erabaki du».

Erakundeen defentsa irmoa

Kontrara, Presidentetzako ministro Felix Bolañosek Senatuan adierazi du Pegasus auzia argitara atera zenetik Espainiako Gobernuak «garden, zintzo eta arduraz» jokatu duela: «Bakean dugu kontzientzia, eta ahaleginak eta bi egiten ari gara auzi hau guztia argitze aldera». JXCat taldeko senatari Josep Lluis Cleries i Gonzalezek eginiko galdera bati erantzunez, Bolañosek azaldu du gobernuaren helburua dela «erakundeekiko konfiantza lehengoratzea», eta, horregatik, «justiziarekin lankidetzan aritzeko borondate osoa» erakutsi du.

Hala ere, ministroak ez du onartu gobernuak auzi honetan erantzukizun politikorik duenik, eta uko egin dio sekretupeko dokumentuak desklasifikatzeari, talde independentistek eskatu dioten bezala: «Espainia demokrazia oso bat da, eta errespetu handiagoa exijitzen dizuet [JxCateko senatariei] erakunde demokratikoez hitz egitean».

Kataluniako senatari independentistek ez dituzte ontzat jo argudio horiek. Ez Juntsekoek, ez ERCkoek ere. «Hau demokrazia oso bat balitz, dagoeneko jakinen genuke nork agindu zuen espioitza, nori egin zaizkion entzuketak, zer informazio lortzeko eta zergatik. Estatu demokratiko batek bermeak eskainiko lituzke, baina zuenak keinu hutsak baino ez dira», leporatu dio Cleries i Gonzalezek gobernuari.

ERCko Mirella Cortesentzat ere, Paz Esteban kargutik kentzea «ez da aski», eta «agiri guztiak desklasifikatzeko» exijitu du: «Argi esan dugu Kataluniako errepublika aske bat nahi dugula, baina horri emaniko erantzuna estoldetatik etorri da».

Aurreko astean, sekretu ofizialen batzordearen bilkuran parte hartu zuen CNIko buruak. Zenbait iturriren arabera, bertan ziren diputatuei adierazi zien CNIk hemezortzi lagun espiatu zituela Auzitegi Gorenaren baimenarekin, Kataluniako independentisten aurkako ikerketekin lotuta. Horien artean dago Kataluniako presidente Pere Aragones; presidenteordea zen zelatatu zuten garaian. Ez zuen, ordea, gainerako kasuen inguruko informaziorik eman. Hala, alderdi independentistek Estebanen dimisioa eskatu dute azken astean, Margarita Robles Defentsa ministroarenarekin batera.

Espainiako Gobernuko kideen aurkako zelatek ere eragina izan dute kargugabetzean. Izan ere, Roblesek CNIren eta segurtasun indarren defentsa egin arren, Bolañosek erakunde hartan jarri du Sanchez espiatzea eragotzi ez izanaren zama. Gobernuko gainerako kideen telefonoak ere aztertu ditu orain erakundeak, eta jakin da Roblesen eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren sakelakoak ere espiatu zituztela. Halaber, gobernuak jakinarazi zuen Nekazaritza ministro Luis Planas zelatatzen saiatu zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.