'Claverina' hartza Zuberoan sartu da, baina ez da inon kokatu

Altzain eta Larrainen egon dela erran du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB laborarien sindikatua kezkatuta agertu da

Prinioetan askatutako hartz baten artxiboko irudia. FIEP / PNP / RESEAU OURS BRUN.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Zuberoan da Claverina. Esloveniatik ekarritako hartzak Aragoiko mendian pasatu du negua, eta, Nafarroan gaindi ibili ondotik, Zuberoako mendietan eman ditu azken egunak. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak jakitera eman duenez, Altzai herrian aurkitu zuten joan den ostegunean, eta Larrainen ere ibili izan da. ELB sindikatuak kezka agertu du hartzaren presentzia dela eta; hartzarekin eta otsoarekin bizi diren Frantziako laborarien lekukotasunak bildu zituen atzo mahai inguru batean.

Ostiralean bidalitako agiri batean jakinarazi zuen prefeturak hartzaren presentzia. Azaldu dutenez, Europa iparraldeko hartzak oraindik ez du leku finkorik hautatu, eta «joan-etorri zabalak» egiten ari da lurraldea ezagutzeko. Udaberrian sartzearekin, berotasun bila etorria bide da. Herritarren arrangurak apaltzeko asmoz, gainera, ohartarazi dute Claverina-k ez duela kumerik, eta, beraz, mendizaleentzat ez dela «bereziki arriskutsua». Hartzak eta gizakiak buruz buru elkar aurkitu duten 60 kasu aztertu dituzte: kasuen %78tan, hartzak ihes egin du, eta %19tan ez du jaramonik egin. Hartzaren jokabideei buruzko informazioa zabaldu dute, eta azpimarratu du Claverina-k lepoko hedagailu bat duela, momentu oro non dagoen jakiteko modua ematen diena.

Laborarien lekukotasunak

ELB laborarien sindikatua, ordea, «kezkatua» da hartzaren itzulerarekin. «Badu aspaldi gure lurretan ez dela hartzik», adierazi du Benoit Tauzin Zalgizeko (Zuberoa) artzain laborariak. Haren hitzetan, elkarbizitza biziki konplikatua da hartzarekin; izan ere, artzainen artean duten elkarlanagatik, 1.800 buruko artaldeak ibiltzen dira mendian libre. Prefeturak dio ez dela arriskurik, baina laborarien sindikatuak nabarmendu du beste leku batzuetan erasoak gertatu izan direla. Horregatik, hartzarekin ala otsoarekin bizi direnen lekukotasunak bildu zituzten atzo Maulen, jakiteko haiek zer egiten duten animalia horiengandik babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.