Begoña Altuna. EHUko ikertzailea

«Clariah-eus pertsonen, baliabideen eta tresnen sare bat izango da»

BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Aurkezpenez harago, hitzaldiak ere badaude Ikergazten. Horietako batean, gaur, Clariah-eus aurkeztuko dute, giza eta gizarte zientzietako ikerketa euskara oinarri hartuta eta euskaraz egiteko baliabideak batzen dituen azpiegitura. Begoña Altuna (Bilbo, 1989) izango da hizlarietako bat. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria da, eta Ixa ikerketa taldeko eta Hitz hizkuntza teknologiako zentroko kidea. Dagoeneko zenbait baliabide martxan dituzte beren webgunean.

Zer da Clariah-eus?

Azpiegitura bat da, sare bat. Alde batetik, azpiegitura birtual bat da, eta hor egongo dira baliabideak, tresnak... Gainera, adituak eta giza eta gizarte zientzietan euskaraz, euskararako eta euskaratik ikertu nahi duen edonor ere egongo da. Laburbilduz, pertsonen, baliabideen eta tresnen sare bat izango da.

Zein tresna eta pertsona?

Momentu honetan, giza eta gizarte zientzietako 135 ikertzailek adierazi dute atxikimendua. Horrez gain, badaude erakundeak ofizialki hitzarmen bat sinatuta Clariah-eus-en parte direnak: ikerketa taldeak eta zentroak, enpresak eta beste mota batzuetako ikerketa erakundeak. Tresnei eta baliabideei dagokienez, arreta jarri dugu testuan eta ahotsaren prozesamenduan. Etorkizunean espero dugu irudiak, artelanak, argazkiak... kontuan hartzea. Tresnak, berriz, horiek automatikoki edo era digitalean tratatu ahal izateko baliabideak izango dira.

Adibidez?

Testuak prozesatzeko analisi morfosintaktikoa egingo duen tresna bat, testuen analisirako erabili ahal izango dena. Edo, adibidez, corpus bilatzaileak, hitz baten agerpenak zerrendatu ahal izateko. Ahotsarekin gehien eskatu digutena da ahotsaren ezagutza automatikoa; hau da, soinutik testura pasatzea, baina kontrakoa ere erabilgarria izan daiteke, testu batetik ahotsa sortzea. Hortik hasiko gara, nagusiki testutik.

Praktikan zertan lagunduko du euskarazko ikerketan?

Giza eta gizarte zientzietako ikerketa digitalizatzen badugu, murriztuko dugu eskuzko lan pila bat, eta tresna berriak jartzen baditugu ikertzaileen eskura, lehen ez zituzten ikerketa galdera batzuk sortu ahal izango dituzte. Zergatik? Agian aplikatu ahal izango dutelako beste diziplina batean erabiltzen dena. Hasiko gara ikusten normalean ikusten ez ditugun emaitza batzuk; hori espero dugu behintzat. Gainera, badirudi Clariah-eus euskaldunon arteko sare bat dela, eta bada, baina gauzarik garrantzitsuena da Europako sare handirako giltza dela. Izan ere, Europako Clarin eta Dariah azpiegituren parte da. Ikertzaileek Europako azpiegitura horietan dauden baliabide eta tresna guztiak ere erabili ahal izango dituzte.

Zuen baliabidea euskarazko ikerketarako erabiliko da. Gaur egun, zein zailtasun dituzte ikertzaileek euskaraz ikertzeko?

Tamainaren arazoa daukagu: euskaldunak garenak gara. Pertsonako asko ekoizten dugu, baina, jende gutxi garenez, azkenean, ingelesaren, gazteleraren eta frantsesaren kontra ez daukagu zer eginik, nahiz eta espero baino askoz ere hobeto egiten ari garen.

Horrek zein ondorio ditu?

Adibidez, ditugun corpusak direla ditugun tamainakoak. Gero, herrialde txikia izanik, historia aztertzeko dokumentu gutxi ditugu, eta urte askoan euskara bigarren mailan —kasurik onenean— egon denez, horrek ere ekarri du euskarazko ekoizpena txikiagoa izatea garai batzuetan.

Zein abantaila eskainiko ditu Clariah-eus-ek?

Clariah-eus-ek sistematikoki proposatzen du hainbat diziplinatako jendea elkartzea, eta horrek ekarriko du sinergia gehiago sortzea eta norberak ikustea agian ez dagoela hain bakarrik. Zailtasun teknikoagoetara jota, askotan gertatzen da tresna guztiak ez direla publikoak; Clariah-eus-ek, ordea, jarri nahi du ahal bada ia guztia guztiz publiko, edo behintzat ikerketarako erabiltzeko moduan. Lehen, datu bilketa norberak egin behar zuen; orain, datu kopuru handiak eskura izango ditu. Hala, denbora aurreztuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.