Isilean, baina lanean aritu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PP eta Ciudadanos azken asteotan. Asmoa Vascos Suman koalizioa osatzea zen, datorren azaroaren 10eko Espainiako Gorteetako bozetarako. Espainiako eskuina batu nahi zuten PPk eta Ciudadanosek koalizio horretan, baina, atzo jakinarazi zuen Alfonso Alonso EAEko PPko lehendakariak ezinezkoa izan dela ados jartzea, Ciudadanoseko presidente Albert Rivera aurka azaldu baita. Oraindik, ordea, astelehenera arte tartea dutela eta, Alonsok ohartarazi du «zentro-eskuineko alternatiba konstituzionala» osa daitekeela.
Eztabaida piztu da RiverakEAEko Ciudadanoseko Antolakuntza idazkari Javier GomezCalvo kargugabetzean. «Beste alderdi batera joan nahi zuen Gomezek. Gure alderdiko militante bazara, ezin zara beste alderdi bateko militantea izan», ohartarazi du Riverak. Alonsok, berriz, Riverak Gomez Calvo kargugabetu ostean eman du negoziazioen berri.
Alonsoren arabera, EAEko Ciudadanosekin negoziatzen aritu ostean jaso dute Riveraren zuzendaritzaren ezezkoa. Gainera, akordiorik ez, eta Gomez Calvo kargutik kentzea gaitzetsi du Alonsok: «Beren alderdiari erabateko leialtasunez aritu dira. Posible zen Rivera ez egotea ados akordioarekin, baina ez genuen espero Gomez Calvo kargutik kentzea».
Edonola ere, Alonsok eutsi egin dio bere proposamenari, eta esan du azaroaren 10eko hauteskundeetarako beharrezkoa dela «konstituzionala den aukera berri bat»; izan ere, joan den apirilaren 28ko bozetan ez Ciudadanosek eta ez PPk ez zuten ordezkaritzarik lortu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horregatik, zentro-eskuineko «aukera berri bat» aurkeztu nahi du Alonsok, eta ohartarazi du denbora dagoela astelehenera arte.
Bestalde, CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroaren eta EITB Focusen inkestak argitaratu dituzte, eta bi galdetegiek eman diote garaipena EAJri datorren azaroaren 10eko bozetarako.
EAJ berriz ere garaile
EITB Focus inkestaren arabera, Araban ez beste lurraldeetan EAJk lortuko luke ordezkari gehien —Araban PSE-EEk irabaziko luke—, eta EH Bilduk galdu egingo luke Arabako ordezkaria, PPren mesedetan. Elkarrekin Podemosek ere behera egingo luke. CISen arabera, Espainiako botoen %1,6 izango dira EAJrentzat, eta %1,2 EH Bildurentzat.
Gainera, herenegun aurkeztu zuten Mas Pais alderdia, eta Equorekin koalizioan Bizkaian aurkeztea adostu dute. Kideek oniritzia eman behar dute orain.
Ciudadanosek eta PPk ez dute lortu EAErako akordioa egitea
Azaroaren 10eko Espainiako Gorteetako bozetarako batasuna nahi zuen PPk. Alfonso Alonsok Albert Riverari egotzi dio errua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu