Foru hauteskundeak

CISen arabera, Nafarroako aldaketaren alderdiak ez lirateke iritsiko gutxigatik gehiengoa izatera

Navarra Suma koalizioak ez lituzke hobetuko duela lau urte UPNk eta PPk lortu zituzten hamazazpi parlamentariak.

Javier Esparza Navarra Sumaren presidentegaia, apirilaren 28ko hauteskunde gauean. IñIGO URIZ, FOKU
2019ko maiatzaren 9a
21:15
Entzun

Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) gaur argitaratu duen inkestaren arabera, aldaketaren gobernua osatzen duten lau alderdiek ez lukete izango maiatzaren 26an nahikoa babes lauko gobernu hori errepikatzeko. 381 inkesta egin ditu zentro horrek Nafarroako 29 herritan eta horietan oinarrituz eman ditu emaitzak. Horien arabera, Geroa Bai-k 7-9 legebiltzarkide izango lituzke, EH Bilduk 7-8 bitartean, Ahal Dugu-k 6 eta Ezkerrak 1 edo 2. Emaitza horrekin gehienera 25 batuko lituzkete, eta ez lukete izango Nafarroako Parlamentuan gehiengoa izateko behar diren 26ak.

Inkestaren arabera, Navarra Suma koalizioak irabaziko lituzke maiatzaren 26ko foru hauteskundeak eta 16-17 ordezkari izango lituzke. Aipatzekoa da amaitu berri den legegintzaldian UPNk hamabost legebiltzarkide zituela eta PPk, bi. Beraz, Espainiako hauteskunndeetan gertatu zen bezala, UPN, PP eta Ciudadanosen arteko koalizioak ez luke gehituko parlamentaririk duela lau urteko emaitzekin alderatuta. Inkestaren arabera, botoen %30,2 jasoko lituzkete hilaren 26an, duela lau urte UPNk eta PPk batera bezala (%27,44 + %3,93).

Bigarren indarra PSN litzateke, 11-12 legebiltzarkiderekin; alderdi hori litzateke 2015eko emaitzekiko igoera nabarmen bat izango lukeen bakarra. Inkestak botoen %21,2 ematen dizkie sozialistei, eta duela lau urte %13,37 jaso zituzten. Legegintzaldi honetan zazpi diputatu zituen PSNk eta maiatzaren 26an iragarritako emaitza jasoz gero, horiei beste lau edo bost gehituko liekete.

2015en Nafarroan aldaketa bultzatu zutenen aurrean, emaitza horiekin, Navarra Sumak eta PSNk gehiengo nahikoa izango lukete Legebiltzarrean. Ikusteko dago, ordea, zein formula erabiliko den maiatzaren 26aren ostean gehiengo bat osatzeko. Aukeratako bat da PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk osatzea gobernu bat izateko gehiengoa, baina horretarako, inkestaren arabera, Ezkerraren babesa ere behar dezakete agian.

Emaitzak

Navarra Suma:
16-17 eserleku eta botoen %30,2
(2015ean, 17 eserleku eta botoen %31,37).

PSN:
11-12 eserleku eta botoen %21,2
(2015ean, 7 eserleku eta botoen 13,37).

Geroa Bai:
7-9 eserleku eta botoen %14
(2015ean, 9 eserleku eta botoen %15,83).

EH Bildu:
7-8 eserleku eta botoen %14,1
(2015ean, 8 eserleku eta botoen %14,25).

Ahal Dugu:
6 eserleku eta botoen %10,8
(2015ean, 7 eserleku eta botoen %13,67).

Ezkerra:
1-2 eserleku eta botoen %4,4
(2015ean, 2 eserleku eta botoen %3,69).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.