Auziko txostenarekin nahastuta dabil epailea, paperak aurrera-atzera pasatzen. Cheikh Dieng izeneko pertsona bati buruz hizketan ari zaio defentsako abokatua, baina berak beste izen bat du agirietan idatzia. Diskurtsoa eten dio abokatuari. «Itxoin, itxoin. Zergatik aipatzen duzu Cheikh Dieng? Txostenak dio akusatuaren izena Seku Nadie dela». Fiskalak ere nahasmendua baliatu nahi izan du, akusatuak izen-deitura ezberdinak erabiltzen dituela eta justiziari izkin egin nahian ari dela iradokitzeko. Defentsako abokatuak argitu du auzia: «Pertsona bera dira Cheikh Dieng eta Seku Nadie. Beste hainbatek bezala, Senegaldik Europarako bidea egin zuen txalupan, eta, Kanaria uharteetara iritsita, izen-deiturak eskatu zizkioten guardia zibilek. Cheikhek bere izena ahoskatu zuenean, poliziek ulertu zutena idatzi zuten agirian: Seku. Eta, aldamenean, berek asmatutako abizena erantsi zioten: Nadie [inor ez]».
Espainiarentzat inor ez diren beste hainbatek bezala, urteak daramatza Cheikh Diengek paperik gabe. Kanarietara txalupan iritsitako beste senegaldarrekin batera, Madrilera eraman zuten Dieng, eta, handik, Euskal Herrira iritsi zen duela bederatzi urte. Aurten zortzi urte beteko dira Iruñeko Txantrea auzoan bizitza berri bati ekin zionetik.
Harreman estua du auzoko bizilagunekin, herri mugimenduan parte hartzen du, eta hasia da euskara ikasten. Apirilaren 9an, Korrikaren lekukoa eraman zuen, lasterketa Txantreatik igaro zenean. Auzoan, inork ez daki nor den Seku Nadie: Cheikh esaten diote batzuek, gehienek Cheikhouna ezizena erabiltzen dute, eta gertukoenek, berriz, euskaratu egiten dute izengoitia: «Animo, Txeikuna! Alboan gaituzu!», esan zioten atzo, auzitegira sartu aurretik. Txantrean, Cheikhouna ez baita Nadie. Cheikhouna bada nor.
Horren adibiderik argiena, atzo goizean Iruñean jaso zuen sostengu zabala: haren kontrako auzi saioa egin zuten Nafarroako Auzitegi Nagusian, eta dozenaka lagun bertaratu ziren, gazteari babesa adieraztera. Elkarretaratzera, lagun kuadrillaz gainera, SOS Arrazakeria elkarteko kideak eta zenbait alderditako ordezkari politikoak bildu ziren; besteak beste, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Marisa de Simon (Ezkerra) parlamentariak, eta Armando Cuenca (Aranzadi) zinegotzia.
Aretoa ere jendez bete zen, eta kalean gelditu behar izan zuten askok. «Ez da batere ohikoa halako jendetza ikustea auzi saio batean. Tamalez, gisa honetako epaiketetan, bakar-bakarrik egon ohi dira akusatua eta haren abokatua, epailearen aurrean», azaldu zuen Domingo Talens defentsako abokatuak.
Kafkaren Prozesua eleberrian bezalaxe, arrazoi objektiborik gabe hasi zen Cheikhounaren amesgaizto administratiboa. Poliziak kalean geldiarazi zuen, paperak eskatu zizkion, eta, egoera irregularrean zegoela ikusi zutenean, kanporatze prozesua abiarazi zuen. «Bere azalaren koloreagatik atxiki eta identifikatu zuten Cheikhouna», esan zuen abokatuak, atzoko saioa hasi aurretik: «Ez du aurrekaririk, eta hamar urteotan ez du inoiz arazorik izan, ez Poliziarekin, ez inorekin. Bere delitu bakarra paperik ez edukitzea da». Auzi saioan, fiskaltzak onartu behar izan zuen akusatuaren gizarteratzea «agerikoa» dela, baina kanporatze eskaerari eutsi zion berdin-berdin, «legea argia delako». Bi aldeen argudioak entzunda, epaileak bukatutzat jo zuen auzia.
Pozik atera ziren txantrearrak, kanporatzea bertan behera geldituko dela sinetsita. Hamar bat egunen buruan jakinen dute, epaia argitaratzen denean. Txalo eta besarkada artean hartu zuten euren bizilaguna. Cheikhouna badelako nor. Eta badu nork.
Cheikhouna bada nor
Cheikh Dieng 'Cheikhouna' Iruñeko bizilagunaren aurkako auzia epaiaren zain geratu da. Kanporatze prozesua geratzeko eskatu dute haren lagunek, auzitegi aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu