Ceus koalizioak nazioen eta herritarren eskubideak jarri nahi ditu erdigunean

Taldearen aurkezpena egin dute, Madrilen. EAJ, Geroa Bai, Koalizio Kanariarra eta Proposta per les Illes Balears-El Pi alderdien ordezkariak izan dira bertan.

Barkos, Ortuzar, Agirregoitia, Clavijo eta Gili gaur, Madrilen. CEUS
Barkos, Ortuzar, Agirregoitia, Clavijo eta Gili gaur, Madrilen. CEUS
Isabel Jaurena.
2024ko maiatzaren 22a
18:25
Entzun

«Gure proiektua periferiako proiektu bat da, baina eremu handiagoetan mugitzen badaki, Europan, adibidez». Horrela definitu du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak Ceus Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa. Azaldu du Hego Euskal Herriko, Kanaria uharteetako eta Balear Uharteetako ordezkaritzak egonen direla taldean, eta guztiek partekatzen dutela «Europa sentitzeko modu bat». Eta badutela Europarako proposamen bat, «zurruna eta ondo ardaztua».

Taldea aurkeztu dute gaur, Madrilen, eta manifestua sinatu dute alderdi guztietako ordezkariek: Ortuzarrek, Kanaria uharteetako gobernu presidente eta Koalizio Kanariarra alderdiaren idazkari nagusi Fernando Clavijok, Geroa Baiko senatari Uxue Barkosek, eta Proposta per les Illes Balears-El Pi alderdiaren presidente Tolo Gilik. Oihane Agirregoitia zerrendaburua ere bertan izan da, baina ez du hitzik hartu. Ortuzar izan da hitza hartzen lehenbizikoa: «Oso desberdinak gara, baina uste dugu posible dela nazio guztien interesak defendatzea». Gehitu du hasiko den hauteskunde kanpaina «europarra» izan beharko litzatekeela, eta ez bertze boz batzuen bigarren itzulia edo erreferendum bat. Izan ere, uste du «indar ez-europarrak» goraka doazela, eta, hortaz, bozkatzera joatea beharrezkoa dela.

Antzera mintzatu da Clavijo ere: «Edozer arloz edo gaiez mintzatzen ari gara, herritarren kezkez edo interesez izan ezik». Hortaz, lau indar horien arteko aliantzarekin «Europaz hitz egiteko espazio bat» eratzea espero du: «Kanaria uharteetan benetako arazoak ditugu, eta horiez hitz egitea nahi dugu». Herritarrek beren proiektua babestu dezatela eskatu du, lagundu diezaietela «Europaz solastatzen».

Barkosek, berriz, alderdi jakin batzuen diskurtsoen hedapenean jarri du arreta: «Momentu honetan dugun erronkarik handienetako bat ultraeskuinaren areagotzea da, haztegi kezkagarria da». Horri aurre egiteko modurik eraginkorrena «aniztasunean elkarbizitzeko beharraren aldarrikapena» dela dio, baita erronka jakin batzuei heltzea ere; trantsizio energetikoari edo digitalari, erraterako.

Gilik eskerrak emanez hasi du saioa, zehaztuta ez dela ohikoa Balear Uharteetako ahotsak Madrilen edo Europan entzutea. «Zoritxarrez, hau ez da ohikoena, baina umiltasun osoz koalizio honetan gure ekarpena egin nahi dugu, uste dugulako beharrezkoa dela».

Oinarriak

Lau printzipio nagusi ditu koalizioak, betiere Europa «eraginkorrago eta bidezkoago bat» sortzea xede. Herritarren ongizatea da lehenbiziko ezaugarria: etxebizitzarako eskubidea defendatzen dute, eta txirotasun energetikoa eta haustura soziala dakartzan espekulazioaren kontra egin. Alde horretatik, «pertsonen eta demokraziaren alde» eginen dutela diote, «estaturik gabeko nazioetako eta konstituziodun erregioetako hizkuntzak, erakundeak eta kulturak» defendatuz.

Horrez gain, Europako Batasunaren «burujabetza estrategikoa» aldarrikatzen dute, uste baitute horrek herritarrak defendatzen lagunduko duela, baina mendekotasunak ezabatzen ere. Azkenik, uste dute Europako Batasunak giza eskubideak errespetatzen direla ziurtatu behar duela, eta «segurtasun eta babes bermea» izan beharko lukeela munduko gatazketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.