Santiago Cervera PPko diputatu ohiaren aurkako auziak aurrera jarraitzen du. Abenduaren 9an, 19:00etan atxilotu zuten Cervera Iruñeko harresien inguruan, eta Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidente ohiari xantaia egitea egotzi zioten. Atzo, Cerverak Fermin Otamendi epailearen aurrean deklaratu zuen hiru ordu eta erdiz. Deklarazioa amaituta, Sergio Gomez abokatuak adierazi zuenez, Cervera errugabea da, eta abenduaren 5ean Asiaini xantaiaren mezua bidali zitzaionean Cervera kalean zegoen ibiltzen. Haren esanetan, pixkanaka frogatu ahalkoda tranpa baten biktima izan zela.
Cerveraren atxiloketak Nafarroa aztoratu zuen. Xehetasunak jakin ahala, misteriozko eleberri baten tankera zuen istorioak. Cerverak hasieratik iragarri zuen tranpa bat jarri ziotela, eta bere burua hobeto defenditu nahian, Espainiako Kongresuko diputatu izateari utzi zion. Uko egin zion forudun izaerari, ez baitzuen bidezkotzat jotzen Auzitegi Gorenak «azpikeria bat ikertzea eta epaitzea». PPko zuzendaritzak, ordea, ez zion babesik azaldu, eta informazio espediente bat ireki zioten.
Azaroaren 29an mezu elektroniko bat jaso zuen Cerverak Tor zerbitzari batetik. Mezulariak esan zion Nafarroako Kutxan lan egiten zuela eta «oso informazio garrantzitsua» utziko ziola Iruñeko harresietako toki jakin batean. Abenduaren 5ean, berriz, mezulari anonimo batek Jose Antonio Asiaini jakinarazi zion Iruñeko harresiko toki batean —Cerverari adierazitako bera— 25.000 euro utzi ezean publiko egingo zuela Nafarroako Kutxak, Asiain kontseilari izanik, bere abokatu bulegoaren zerbitzuak kontratatu zituela. Asiain oporretan zen une hartan Fuerteventuran, eta Guardia Zibilari xantaiaren berri eman zion. Guardia zibilek Iruñeko harresia zaintzen hasi ziren, eta handik hiru egunera atxilotu zuten Cervera, harresira ustez informazioa jasotzera joan zenean. Biharamunean, Asiainek argi utzi nahi izan zuen anonimoak mehatxutzat erabilitako informazioa «gezur hutsa» zela. Bulegoa bere semearena zen, baina Asiain bera zuen bazkide.
Bost hilabete iragan dira geroztik. Sergio Gomez abokatuaren arabera, «egiaztatuta» geratu da Cerveraren bertsioa: «Azaroaren 29an mezu bat jaso zuen Tor saretik, eta mezu hori epailearen aurrean ireki da». Abokatua pozik azaldu da, atxiloketa egunetik gaurdaino epailearen aurrean lehen aldiz gertaeren kontakizun «irmoa, zabala eta nahiko logikoa» egin delako. Abokatuaren arabera, lekuko batzuek ere egiaztatu diote epaileari atxilotu ostean tranpa bat jarri ziotela adierazi ziotela. Cerverak ez ezik, Arsenio Fernandez de Mesa Guardia Zibileko zuzendari nagusiak, Maribel Beriain UPNko Iruñeko hautetsi ohiak eta PPko Juan Carlos Vera eta Izaskun Martinezek ere deklaratu dute.
Gomezen ustez, Cervera «epaitegira sartu denean baino hobeto atera da». Abokatuaren esanetan, atxiloketak Cerveraren bizitza «erabat» aldatu zuen, eta pertsonalki asko eragin dio. Hala onartu zien Santiago Cerverak komunikabideei, deklarazioa egin aurretik: «Ez da batere erosoa; inoiz ez nuen pentsatu hain zaila izango zela psikologikoki».
Asiainen anaia eta abokatuak, Javier Asiainek, adierazi du epailearen ikerketa «norabide egokian» doala aurrera.
Cerverak berretsi du tranpa baten biktima dela eta mezu anonimorik ez zuela bidali
Haren abokatuaren arabera, «pixkanaka frogatu ahalko da PPko diputatu ohiari tranpa bat jarri ziotela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu