Bigarrengoz deklaratu behar izan du epailearen aurrean Santiago Cervera Nafarroako PPko presidente ohiak Jose Antonio Asiain CAN Nafarroako Kutxako presidente ohiari xantaia egitea leporatuta eginiko salaketaren ondorioz. Bere errugabetasuna defendatu du beste behin Cerverak; berretsi du haren aurkako frogarik ez dagoela, eta auzia amaitzeko eskatu du. «Sorpresa» izan da PPko kide ohiarentzat Fermin Otamendi instrukzio epaileak berriz deklaratzera deitu izana. Iazko apirilaren 20an izan zen harekin, eta orduan esandakoa berretsi du. Cerveraren arabera, «nahiko denbora» pasatu da jada Asiainek salaketa jarri eta epaileak ikerketa abiatu zenetik, eta uste du Otamendik erabaki egin behar duela auziarekin aurrera egin edo ez. Oraingoz, inputatuta jarraitzen du Cerverak.
Haren abokatu Sergio Gomezek auzitegiaren atarian zeuden kazetariei azaldu dienez, auziaren «oinarria» da Asiainek salatu zuen posta elektronikoa nork idatzi eta bidali zuen argitzea. Sekretupekoak dira horren inguruko ikerketak, baina Gomezek adierazi du dagoeneko frogatuta geratu dela Cerverak ez duela zerikusirik horrekin. Auzia artxibatzeko eskaerarik ez du egin oraindik Cerveraren abokatuak —«epaileak deituta, deklaratzera etorri gara», esan zuen atzo—, baina ez du baztertzen datozen egunetan hori egitea.
Cervera, berriz, bere egungo bizimoduaz mintzatu da kazetarien aurrean. Esan du atxiloketa eta gerokoak ez direla «erraza» izan, baina bera «maite» duten pertsonen babesa duela eta «ondo sentitzen» dela. «Hau ez da erosoa, ez nuen uste hain zaila izan zitekeenik psikologia aldetik, baina aurrera egiten saiatzen naiz», azaldu du Cerverak.
Urtebete pasatu da Asiainek auzitara jo zuenetik. Orduan salatu zuen 2012ko abenduaren 5ean mezu elektroniko bat jaso zuela, 25.000 euro emateko agintzen ziona eta eman ezean CANetik berak eta bere semeak jasotzen zuten diruaren berri emango zutela zioena. Handik lau egunera atxilotu zuen Guardia Zibilak Cervera, ustez dirua jasotzera joan zenean.Cerverak, baina, jakinarazi zuen azaroaren 29an mezu elektroniko bat jaso zuela eta mezulariak esan ziola Nafarroako Kutxan lan egiten zuela eta «oso informazio garrantzitsua» utziko ziola Iruñeko harresietako toki jakin batean. Atxilotu eta aske geratu ondoren dimisioa eman zuen Cerverak.
Cerverak berretsi du haren aurkako frogarik ez dagoela
CANeko presidenteari xantaia egitea leporatuta deklaratu du, eta ikerketa amaitzeko eskatu dio epaileari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu