Cerverak Asiaini xantaia egin izanaren zantzuak antzeman ditu epaileak

Fermin Otamendi epailearen ustez, PPko diputatu ohiak ez du behar bezala arrazoitu tranpa nork jarri zion

joxerra senar
Iruñea
2014ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Fermin Otamendi Iruñeko 2. Instrukzio epaitegiko magistratuak Cervera auzia-ren ikerketa amaitutzat eman du, eta ondorioztatu du Santiago Cervera PPko diputatu ohiak Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidente ohiari xantaia egin izanaren zantzuak badaudela. Hamar egun eman dizkio fiskalari eta beste aldeei epaiketa irekitzeko edo auzia artxibatzeko eska dezaten.

Gertaerak duela urtebete eta lau hilabetekoak dira. 2012ko abenduaren 4an, Asiain oporretan zegoela, mezu elektroniko bat jaso zuen, eta bertan ezezagun batek ohartarazten zion CANeko goi kargudun izanagatik bere abokatu bulegoak diru kopuru handiak fakturatu zituela kutxari esker. Mezuak eskatzen zion Iruñeko harresietan 25.000 euro uzteko gutunazal beltz batean. Asiainek zuzenean Guardia Zibilarengana jo zuen, eta poliziek toki hori zelatatu zuten. Abenduaren 9an, Santiago Cervera atxilotu zuten. Hasieratik bere errugabetasuna defenditu zuen Cerverak, eta «tranpa batean» erori zela arrazoitu. Azaroaren 29an Cerverak tor zerbitzari batetik beste mezu bat jaso zuen, eta Iruñeko harresietan CANeko dokumentazioa utziko ziotela esan.

Epailearen arabera, ordea, Cerverak ez du tranparen teoriaren inguruan «arrazoizko azalpenik» eman: «Ez du esan nortzuk jarri zioten, nola jarri zioten, zergatik, zertarako, nork irabazi duen auzi honekin guztiarekin eta zer irabazi den». Aurretik Cerverak iradoki du tranparen atzean Eloy Villanueva diputatua dagoela

Otamendi epailearen arabera, hainbat zantzu antzeman ditu Cerveraren aurka. Batetik, epailearen arabera, Cervera xantaiaren egileak esandako «toki eta orduan» atxilotu zuten eta bere jarrera «ez da tranpa jasan duen pertsona bati espero dakiokeena». Era berean, hizkuntzalarien bi txostenek, «probabilitate handiarekin», aditzera eman dute Asiaini igorritako mezuaren egilea Cervera dela. Epaileak dio Cerveraren ondarea aintzat hartuta, ezin dela baztertu ere xantaiaren «zio ekonomikoa».

Cerverak berak jasotako mezuari buruz, epaileak dio «ezinezkoa» dela jakitea nork igorri zuen. «Ezin da baztertu inputatuak berak [Cerverak] igorri izana». PPko diputatu izateari utzi zion eta forudun izaerari uko egin zion horrela. Urrats hori ontzat eman arren, bere alde txarra ere ikusi dio epaileak: «Uko egin izanaren ondorioz, Kongresuak emandako sakelako telefonoaren edukia ezabatzeko arrazoia eman zion, eta ezin izan dira ikerketarako datu garrantzitsuak atera bertatik. Datuok inputatuaren alde edo kontra jo zezaketen».

Sergio Gomez Cerveraren abokatuak jakitera eman du errekurtsoa aurkeztuko duela Otamendiren ebazpenaren aurka: «Urte eta erdi eta gero, autoa ez da gai ezta zehazteko ere nola egin zuen legez kanpoko ezer». Gomezen esanetan, epaileak ezin izan du Cervera «gertaeren egilearekin erlazionatu, eta frogaren zama iraultzeko asmoa antzeman du. «Harrigarriki, inputatuaren aurkako zantzua da ez dela gai izan esateko nork jarri zion tranpa». PPko diputatu ohiak Twitter bidez esan du lasai dagoela eta «egiak bere bidea» egingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.