Cervera PPko diputatu ohiaren epaiketa egiteko agindu du Iruñeko epaileak

CANeko presidenteari xantaia egitea egotzita epaituko dute Cervera; Asiainek 14 hilabeteko zigorra eskatu du

Erredakzioa
Iruñea
2014ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Santiago Cervera PPko diputatu ohia epaitzeko agindu du Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak. Fermin Otamendi epaileak martxoaren 18an eman zuen amaitutzat ikerketa, eta Cerverak Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidente ohiari xantaia egin izanaren zantzuak bazirela ebatzi zuen. Hortaz, fiskalak eta defentsak auzia artxibatzeko eskatu duten arren, ahozko saioa abiatzeko agindu du epaileak.

2012ko abenduan abiatu zen auzia, Guardia Zibilak Cervera atxilotu zuenean. Hain zuzen, Iruñeko harresian ezkutatuta zegoen gutunazal bat hartzera joan zenean atxiki zuten, Asiaini egindako xantaia bateko dirua jasotzera joan zelakoan.

Lau egun lehenago, Nafarroako Kutxako presidente zenak mezu elektroniko bat jaso zuen. Asiainek ez zekien norena zen mezua, baina ohar argia zetorren bertan: CANeko goi karguduna izateagatik bere abokatu bulegoak kutxari esker diru asko jaso zuela zioen, eta Iruñeko harresiko zirrikitu batean 25.000 euro utz zitzala eskatzen zion. Eta hala egin ezean, CANi buruzko informazio bat jakinaraziko zela.

Asiainek Guardia Zibilera jo zuen, eta dirua uzteko jarritako hitzorduan harrapatu zuten Cervera. Haren esanetan, amarru batean erori zelako joan zen hara; berak ere mezu bat jaso zuelako Nafarroako Kutxaren agiri batzuk jasotzera joateko gonbitarekin. Asiainek 14 hileko espetxe zigorra eskatu dio Cerverari akusazio gisa, xantaia egiteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.