Memoria historikoa

Ceaquak salatu du Nafarroako Probintzia Auzitegiak «uko» egin diola frankismoko krimenak ikertzeari

1972. urtean pairatutako legez kanpoko atxiloketa eta torturak iker zitezen, helegite bat jarri zuen andrazko batek, baina atzera bota du justiziak.

jarraia229142.jpg
arantxa iraola
2023ko ekainaren 8a
15:55
Entzun

1972. urtekoak dira salaketak, Concepcion Edo Gilek egindakoak. Franco diktadorea bizi zen oraindik, emakume gaztea zen hura orduan, eta legez kanpoko atxiloketa baten eta torturen biktima izan zela kontatu du behin baino gehiagotan. Iruñeko Instrukzio Auzitegian salaketa aurkeztu zuen horren harira, artxibatu egin zuten han, eta, ebazpen horren kontrako helegitearekin, Nafarroako Probintzia Auzitegira jo zuen gero, baina, Ceaqua koordinakundeak gaur prentsa ohar batean salatu duenez, auzitegi horrek atzera bota du helegitea. Hortik salaketa: esan du Nafarroako Probintzia Auzitegiak «uko» egin diola frankismoko krimenak ikertzeari.

Ceaquak adierazi duenez, maiatzaren 18koa da epaia. Espainiako Auzitegi Gorenak aurrez delituok ikertzearen kontra emandako argudioak epai honetan errepikatzen direla jakinarazi dute oharrean koordinakundeko ordezkariek: delituak preskribatuta daudela argudiatzen da, eta, legezkotasun printzipioaren eta Amnistiaren Legearen ondorioz, ezin direla diktadura aroko krimenak ikertu eta epaitu. Ceaquaren arabera, «literalki» daude jasota ebazpenean arrazoibide horiek.

Gogoratu dute iazko urrian onartu zela behin betiko Memoria Demokratikoaren Legea, eta, lege hori indarrean badago ere, sententzia honek erakusten duela lege hori onartuta egon aurreko auzibideetan erabilitako argudioak erabiltzen dituztela oraindik ere epaileek. «Lehengo jarrera bera dute», deitoratu dute. Fiskalaren jarrera ere kritikatu dute, argudiatuta horrek ere helegitearen kontra egin zuela.

Koordinakundeak harridura azaldu du sententzia hau oso «bizkor» ebatzi delako. Auzibide guztia, oro har, hasi zenetik oso azkarra izan zela esan du. Eta, kontrasterako, salatu du Iruñeko Auzitegian lau urte daramatzatela 1978ko sanferminetan izan ziren krimenak ikertzeko jarri zen kereila aztertzen, instrukzio fasean, eta oraindik ez dela deus ebatzi.

«Zigorgabetasuna» erakusten du

Frankismoan egin ziren krimenen gaineko «zigorgabetasuna» dago sententzia horien atzean, Ceaquaren iritziz. Esan du epai honen antzeko beste bat Valentzian ebatzi dutela, eta, haren ustez, horrek erakusten du Memoria Demokratikorako Legeak ez duela ezeztatu Amnistiaren Legea, eta ez direla aintzakotzat hartu nazioarteko legeriak halakoak epaitzeko ezartzen dituen hainbat irizpide.

Hauteskundeak egingo dira uztailean Kongresuko diputatuak hautatzeko, eta kanpainaren atarian Ceaquak talde politiko guztiei eskatu die krimen horiek epaitu ahal izateko urratsak «behin betiko» egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.