Euskara

CCOOk helegitea jarri dio udaltzainen lan poltsari, euskararen B2 maila eskatzen dutelako

Eskakizun hori «gehiegizkoa» dela salatu du sindikatuak, eta Eusko Jaurlaritzari leporatu dio ELAren eta LABen presioetara makurtu izana. Administrazio publikoak «herritar guztien hizkuntza eskubideak» bermatzeko betebeharra duela gogoratu du Kontseiluak, eta eskubide horren «judizializazioa» gaitzetsi du.

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta maiatzean Bilbon egindako elkarretaratze bat, Irungo udaltzaingoaren hizkuntz eskakizunen inguruan izandako polemikaren ostean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Aperribai.
2021eko urriaren 25a
10:51
Entzun

Udaltzain interinoen lan poltsari helegitea jarri dio CCOO sindikatuak. Eusko Jaurlaritzari egotzi dio bere hizkuntza legedia urratu izana, eta ELAren eskaeretara «makurtu» izana. Lan poltsa horretan sartu ahal izateko euskararen B2 maila baldintza izateak eragin du CCOOren haserrea.

Sindikatuak uste du «gehiegizkoa» dela eskakizun hori, eta salatu du hautagaiek ez dutela eskatutako euskara maila dutela ziurtatzeko aukerarik. Euskara eskakizun moduan hartzeak kaleratzeak eragingo dituela argudiatuz justifikatu du sindikatuak bere posizioa: «Eusko Jaurlaritzaren planteamendu honek ehunka udaltzain kalean utziko ditu, inongo justifikaziorik gabe, lekuan lekuko egoera linguistikoa ez duelako aintzat hartzen, ezta kasuen aniztasuna ere. Izan ere, polizia askok badakite euskaraz, baina ez ezin dute egiaztatu, edota egungo sistemak kontuan hartzen ez dituen ezagutzak dituzte».

Eusko Jaurlaritzaren «noraezari» erantzun egingo diola ohartarazi du sindikatuak, zeinak, salatu duenez, «ELAren presio baztertzaileei, baina baita LABenei ere» men egin baitie. Presio horiek «eleaniztasunaren bizikidetzarako kontsentsuen kontra» egiten dute, CCOOren arabera, eta baita Eusko Jaurlaritzaren legediaren kontra ere.

CCOOren mugimendua kezkaz ikusi du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta lanpostu publikoetan hizkuntza eskakizunak betetzearen garrantzia azpimarratu du Paul Bilbao idazkari nagusiak: «Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten langileak kontratatu behar ditu administrazioak». Halaber, betebehar horrek garrantzia berezia du poliziaren esparruan, Bilbaok esan duenez, «kontuan hartuta oso esparru sentibera dela eskubideei dagokienez». Atxiloketa bat dagoenean, kasurako, gogoratu du atxilotuak jakin egin behar duela zergatik atxiki duten, eta herritarrek eskubidea dutela gisa horretako komunikazio ekintzak euskaraz izan daitezen.

Bestalde, CCOOren helegiteak hizkuntza eskubideen esparrukoa «judizializatzeak» sortzen dio benetako kezka Kontseiluari, Bilbaok azaldu duenez. «Botere judizialetik nolabaiteko ofentsiba bat helarazten ari da euskaldunon hizkuntza eskubideei dagokienez. Kezkatzen gaitu afera hauek judizializatzeak; are, ikusita zer-nolako irakurketa murritzak egiten ari diren epaitegietatik».

Maiatzean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zituen Irungo Udalak hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntz eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirela argudiatuta. Hautsak harrotu zituen kasu hark. Irungo Udalak helegitea jarri zion ebazpenari, eta euskalgintzako hainbat eragilek gogor gaitzetsi zuten ebazpena. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, elkarretaratzea egin zuten Auzitegi Nagusiaren aurrean ondoren, Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.