CCOO sindikatuak egin du jakinarazpena. Adierazi du Donostiako auzitegi batek ebatzi duela Gipuzkoako zahar etxeetako zortzi langile hizkuntza eskakizunarengatik ez kanpoan uztea lan deialdi batean. Sindikatuaren oharraren arabera, zortzi langile horiek urteak daramatzate behin-behineko kontratuekin, puntuazio handiak lortu dituzte orain lanpostuak egonkortzeko abian den prozesuan, baina ez dute euskararen ezagutza egiaztatzeko ziurtagiririk. Horren ondorioz prozesutik «kanpo» gera zitezkeela esan du, baina epaiak adierazi duela ezin zaiela aterik itxi.
CCOOren arabera, epaiaren argudioa izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak arlo horretako langileei ezartzen dizkien hizkuntza eskakizunak «gehiegizkoak» direla. Langile gehienek euskaltegian urteak daramatzatela erantsi du, hamar urte ere egin dituztela euskara ikasten, baina ez direla kapaz izan eskakizuna lortzeko. Oro har ahozko maila ona dutela azaldu du, baina idatzizkoan egiten dutela kale. Halaber, salatu du langileok, behin-behinekoak izateagatik, ez dutela izan erarik lanorduetan euskara eskolak jasotzeko.
Sindikatuak, aurrez hainbatetan egin izan duen eran, hizkuntza eskakizun «neurritsuak» eskatu ditu, eta esan du ezin zaizkiela langile guztiei ezarri.