Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan 92.000 nafarrek eman zioten botoa UPNri, eta baliteke boto emaile horietatik dezentek PPra jotzea, EITB Focus inkestaren arabera. Zulo hori estali nahian azaldu da UPNko Kongresurako zerrendaburu Alberto Catalan gaur, mezu argi bat emanez: «Uztailaren 23an ez dute inolako aitzakiarik beste baten alde bozkatzeko; alderantziz, UPNri emandako konfiantza berretsi dezakete; horrela eginez gero, Nafarroako zentro-eskuinak gizartea gidatzen jarraituko du».
Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainako azken egunean, UPNk helarazi die hautesleei «lehen helburua» dela «sanchismoa eraistea», Espainiako gobernuburua aldatzea, alegia. «Herritarren arazoei soluzioak bilatzen jarraitu behar dugu, Nafarroari begira», zehaztu du, eta garbi utzi du UPNren aldeko botoak lagundu egingo duela PPko hautagai Alberto Nuñez Feijoo Moncloara iristeko helburua bete dadin, «baina nafar erara». «Aurrerabidearen bermea gara, Nafarroako herritarrek dituzten arazoak konpon daitezen», erantsi du Catalanek.
Edonola ere, PPren aurrean botoa UPNk botoa galduko duelako kezka islatu du eguneko mezu nagusian sakonduz: «Botoa sakabanatzen badugu, ez badugu UPNren barruan pilatzen, PSNren zerrendak lortuko luke boto gehien, nafar gehien-gehienek nahi ez dutenak, hain justu ere». Eta sotiltasunak alde batera utzita, baieztapen biribila egin du: «Uztailaren 23an, Nafarroan, PPren eta Voxen alde bozkatzea PSNri diputatu bat oparitzea da».