«Gaur beste jatekorik ez zegoenean» etorri zen Euskal Herrira Antonia Manot (Zalamea de la Serena, Extremadura, Espainia, 1929), bost seme-alabarekin, lan bila. Semearen argazkiek bete dizkiote etxeko hormak, eta herrikideen elkartasunak barrena.
1960ko hamarkadan etorri zineten Extremaduratik Zarautza.
Han lanik ez zegoen eta. Gaizki nenbilen, bost haurrekin. Anaia guztiak hemen zeuden, eta gurasoak ere bai. Hemen lana bazegoen, eta etorri nintzen bost umerekin. Beste biak hemen jaio ziren.
Aurrena zaharrena etorri zen?
Aurrena Mikel etorri zen, bai, nire aitarekin. Gero, pare bat urtera etorri ginen besteak.
Nolakoa zen Jon garai hartan?
Ume guztiak bezalakoa. Eskola publikora joaten zen, orduan ez zegoen ikastolarik eta. 7-8 urte izango zituen hona etortzean. Gogoratzen dut, hain txikia, hor jartzen zela jatera. Badakizu, lehen jana ez zegoen orain beste. Bi jogurt ekartzen zituen, bat berarentzat, bestea niretzat. Besteak eskolan egoten ziren, eta esaten zidan: «Ez gaitzatela ikusi, ama». Besteek, gizajoak, ez zuten jogurtik jaten eta. 14 urterekin, lanean hasi zen, Zarautzen, plastiko fabrika batean.
Gustura ibiltzen zen hemen?
Bai! Mundu guztiak maite zuen, oso alaia zelako, adarjotzailea. Gogoan dut esaten niola batzuetan ez zitzaidala iristen paga emateko. «Ez du axola, ama», esaten zidan. Ez zuen erretzen, bizitza sanoa egiten zuen. Ona dena eramaten da. Besteak ere onak dira e! Eramaten naute jatera eta... Seme-alaba zoragarriak ditut, baina bat gutxiago. Zer egingo zaio ba.
Mendia gustatzen zitzaion, ezta?
Bai, lagunekin joaten zen, asteburuetan, astean zehar lan egiten zuen eta. Kuadrilla handia ziren, neska-mutilak, orain bezala. Lagun euskaldunak zituen. Bazkaltzera zetorrenean, esaten nion: «Juan, bazkaltzera». Eta berak: «Ama, berdin kostatzen zaizu Juan edo Jon esatea, Jon motzagoa da eta!». Baina orduan ez zegoen euskara klaserik eta ezer. Lantegian ere asko mugitzen zen.
1974ko abuztuan etorri ziren etxera haren bila.
Atea hautsi ziguten, ez genuen ireki nahi eta. Baina hemen ez zuten ezer aurkitu. Alde egin baino lehen, Zumaian zebilen lanean. Handik bidali ziguten gero soldata eta langileek bildutakoa, eta harrituta geratu nintzen. Pertsona zoragarria zen eta.
Alde egin ondoren ere ikusi omen zenuen pare bat aldiz.
Bai, Iparraldean. Bera ikasle jantzita etorri zen, oso dotore. Ezagutu ere ez nuen egin ia, hain dotore etorri zen! Denbora gutxi egon ginen harekin, ordu erdi bat edo. Beste behin ere egon ginen, Gasteizen edo, uste dut. Nik ez nekien ondo nora, autoan eramaten ninduten. Erroskillak eraman nizkion orduan. «Ze ondo!», esaten zuen. Badakizu zergatik hil zuten? Castellanoa zelako, eta euskaldunen gauzetan sartu zelako. «Inor gehiago sar ez dadin, honekin aurrera», esango zuten. Aukeratu egin zituzten.
Nola gogoratzen duzu epaiketaren eguna?
Joan nintzen, ea sartzen uzten zidaten. Ez zidaten utzi, eta han egon nintzen egun osoan. Bost minutuz-edo ikusi nuen bakarrik, epaiketaren ondoren. Gure abokatuek esaten zutena, haientzat, dena zen gezurra, eta guardia zibilek-eta esaten zutena, dena egia. Joaterakoan, abokatuak esan zien, «musu bat ere ezin dio eman?». Han zeuden soldadu guztiak, galoiekin, eta bera atzean, hamar bat guardia zibilekin. Begiratu egiten zidan. Itxura eskasa zuen, torturatu egin zuten eta. Pasatu nintzen, eta musu bat eman zidan. Bularraldea-eta dena belztua zuen. «Jon, nola daukazu gorputza?», galdetu nion. «Zer egin dizute koldar hauek?». «Bai, ama», esan zidan: «Kaputxadun bat sartzen zen, jotzera. Badakizu zer esaten zidaten, ama? Vasco-extremeño, zein gogorra zaren, ez duzu hitzik esaten». Torturatu eta hil egin zuten hura.
Zer nahi zutela uste duzu?
Lezio bat eman nahi zuten. Bost hartu zituzten, eta «orain», esan zuten. «Orain ez da inor mugituko». Eta alderantziz izan zen, Europa osoa mugitu zen. Aita santuaren eskaerak, manifestazioak...
Zarautzen bertan ere egun mugituak izango ziren.
Bai, hemen ere manifestazioak-eta handiak egin ziren. Baina eraman egin zuten. Hala da bizitza. Orain, gazteak ikusita... Nik hamar iloba dauzkat, eta bi birbiloba. Nik bakea nahi dut orain. Semearengandik dagoeneko ez dut ezer aterako, baina ez dut gerra gehiago nahi haientzat.
Erasoak ere jasan zenituzten semea hil ondoren ere.
Kanpora joan behar izan genuen. Hainbatetan, kaletik etorri eta atea irekita topatu genuen. Ez zuten ezer eraman, hemen ez zegoen-eta ezer! Egun batean, irakasle bat etorri zen etxera. Hor zegoen eserita, alaba txikia ere bertan, eta bestea ere bai. Irakasleari jo zioten, eta odoletan utzi zuten. Alaba ere bai. Niri ere eman zidaten; hemen daukat arrastoa oraindik, baina ihes egin nuen korrika, gora. «Mikele [bizilaguna], etorri, alabak hiltzen ari dira eta!». Denak atera ziren, baina atzetik alde egin zuten. Pertsona helduak ziren, Cristo Rey-koak. Biei ikusi nien aurpegia. Min handia egin ziguten. Extremadurakoa izanda, hona etorri eta mugimenduan sartzeak min egin zien, nonbait.
Babesa ematera ere asko etorriko ziren etxera.
Asko. Jendeak ardoa ekartzen zuen, gazteak etortzen ziren... Etxe honetatik milaka pasatu dira. Lehen urteurrenetan, balkoira irteten ginen, eta jendez betea egoten zen dena. Ona eta txarra, denetik izan dugu, baina ez nuke aldatuko hau ezergatik! Fraideen komentuan lanera sartu nintzenean ere [Zarautza iritsi berritan], denean laguntzen zidaten; ogiarekin, esnearekin... Pertsona zoragarriak ziren, eta hori ez da erraz ahazten. Jendeak laguntzen didanean gogoratzen dut nik zein handia zen semea. Eta haientzat kriminal bat zen. Hitz hori nik ez diot inori entzun semeagatik. Alderantziz bai.
40. urteurrena bertan da. Ekitaldi asko antolatu dira aurten.
Asko ari dira mugitzen orain, 40 urte direlako edo. [Maria] Servini epaileak ere auzipetu zituen fusilatutako bosten sententziak sinatu zituztenak eta. [Bruselara joan da aste honetan, eta diputatuekin egotekoa zen]. Nik esaten dut: guardia zibilak hil dituzte, eta hogei urte kobratzen daramate askok. Eta besteek ez? Besteak ere hil egin dituzte, berdin-berdin.
Aitortzarako bide bat egiten ari al da zuen kasuan?
Oso zaila da hori. Hala ere, aldatzen ari da gauza. Madrilen ere ekitaldi bat egitekoak dira aurten. Bartzelonan urtero egiten dute, eta loreak eramaten dituzte hil zuten lekura. Plaka bat ere jartzen dute, baina gero eraman egiten dute, kendu egiten diete bestela. Han ere ez dute ahaztu; oso ondo portatu ziren, baita abokatuak ere. Nik esaten dut: semea galdu dut, baina beste asko irabazi ditut. Asko. Orain ez da hainbesterako, baina lehen, kalean nindoala, «Agur, ama! Nahi al duzu kafesne bat?», esaten zidaten gazteek. Berak hori esan zidan, eta egia da. Gaur ere, 40 urteren ondoren, geratzen naute kalean. Zerbaitegatik izango da, dena nire semeagatik. Baina, tira, oroitzapena ere polita da. Besterik ez da geratzen.