G7koen goi bilera

Castaner Miarritzen da gaur, segurtasun neurriak ikuskatu eta poliziekin egoteko

Frantziako Barne ministroak agerraldi bat eginen du G7koen goi bilerarako prestatu duten ministerio arteko aginte postuan. Kontragailurrerako azken prestaketak egiten ari dira Irun eta Hendaia artean. Desobedientzia ekintzak egitera deitu dute

Frantziako eta Espainiako poliziek kontrol zorrotza ezarri dute Irun eta Hendaia arteko mugan, elkarlanean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
G7koen goi bilera hasi baino egun batzuk lehenago, Miarritzen (Lapurdi) izanen dira gaur Christophe Castaner, Frantziako Barne ministroa, eta Laurent Nuñez, haren estatu idazkaria, goi bilera babesteko ezarri dituzten segurtasun neurriak ikuskatzeko. Miarritzeko Villa Fal kolegioan ezarri duten ministerio arteko aginte postua aurkeztu eta bisitatuko dute arratsalde hasieran, eta bilkura egin ondotik adierazpenak eginen dizkiote prentsari. Hortik aireportura joanen dira, han diren aginte postuak bisitatzeko. Aire jardueraren kontrolaz gain, osagarrisorospen aginte postua eta lehergailuen indargabetzeko gunea ere hor izanen dira. Arratsean, azkenik, polizia unitateak bisitatzera joanen da, eta haiekin afalduko du. Hain zuzen ere, azken asteetan kritika zorrotzak egin dizkiote Frantziako Barne ministroari, eta polizia sindikatuek mobilizazio bat deitua dute ostiralerako, polizien lana aitor dezatela eskatzeko.

Azken egunetan nabarmena da Frantziako polizien presentzia Lapurdi kostaldean. Hotel bat baino gehiago arakatu dute, eta ugariak dira errepideetako kontrolak. Hala ere, oraingoz ez da traba gehiegi nabari. Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko mugara joan behar da nazioarteko gertakaria hurbiltzen ari dela ohartzeko. Hendaiako topoa itxia da, Irun aldeko saltoki anitz itxi dituzte eta muga zeharkatzeko kontrola ezarri dute bi aldeetara.

Atzo, ohar batean, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak agorrilaren 23tik 26ra Irun eta Hendaia arteko muga saihesteko eskatu zuen berriz. Oroitarazi dute 2018an, garai berean, 200.000 ibilgailu inguruk iragan zutela muga Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira, eta ibilbide alternatiboak hartzeko aholkatu du.

Kontragailurra muntatzen

Atzo abiatu zuten Irun eta Hendaia artean eginen duten kontragailurraren muntaketa ere. Lau gune nagusi izanen ditu: Urruñako Erlaitzan izanen da kanpalekua, eta han suma zitekeen mugimendu gehien. Ingurune anitzetako militanteak elkartuak ziren atzo goizetik, azpiegitura guzia prestatzeko. Hendaiako Caneta portuan Aste Intergalaktikoa antolatzen ari dira, eta Gazte Gunea ezarriko dute Jean Jaures eskolan. Gune nagusia Irungo Ficoba aretoan izanen da.

Atzo goizean, agerraldi batean eman zituzten kontragailurrari buruzko azken ohar eta balorazioak. Eñaut Aramendi bozeramaileak nabarmendu zuen herritarrak «kontrajarritako bi munduren lekuko» izango direla: «Alde batetik, Miarritzen elkartuko dira munduko herrialde boteretsuenetako estatuburuak. Bertako herritarrengandik erabat bunkerizatu eta isolatutako hiri batean ospatuko dute G7ko gailurra, neurrigabeko okupazio polizial eta militarra ezarrita». Plataformaren iritziz, G7koak «aberatsenen eta multinazionalen zerbitzura eraikitako politikak eztabaidatzeko helburuz» bilduko dira, «modu horretan hain larriak diren ezberdintasun sozialak sakonduz eta gure planetak pairatzen duen hondamendi ekologikoa areagotuz».

Horren kontra prestatu dute kontragailurra, «tokiko alternatiben aberastasuna erdigunean» jartzeko, eta Aramendik iragarri du «arrakastatsua» izango dela: «Arrakastatsua diogu, Frantziako Estatuak jarritako oztopo guztien gainetik antolatzea lortu dugulako. Besteak beste, Baionan egiteko debekua ezarri eta espazio publikoen erabilera ukatu zaigulako».

Hainbat mahai inguru eta hitzaldi antolatu dituzte datozen egunetarako, eta bertan izango dira Euskal Herriko eta nazioarteko eragile ugari. Balioa eman diote kontragailurra antolatzeko prozesuari ere, «oso aberasgarria» izan delako: «Asteazkenetik aitzina, zazpi estatuburuen politiken aurrean, mugimendu sozialen indarra eta ahalmena erakutsiko dugu».

Bestalde, kontragailurrean Irunen eta Hendaian elkartuko direnen «aniztasuna» azpimarratu dute antolatzaileek: «Beste mundu bat posible da, eta mundu berri hori txikitik, gure etxetik, Euskal Herritik ere hasten da». Aitzitik, herritarrei dei egin diete kontragailurra laguntzera, laguntzaile moduan arituz edo ekarpen ekonomikoak emanez. Datozen egunetarako ehun konferentzia baino gehiago prestatu dituzte, eta jada ziurtatuta dute itzulpen zerbitzua. Bi egunetan berrogei itzultzaile baino gehiago lortu dituzte. Hala ere, deialdi bat egin zuten atzo, beste hamabost itzultzaile behar dituztelako.

«G7 blokeatu»

Igandean, elkarretaratze bat egin zuten Uztaritzeko San Josepe lizeoaren aitzinean, gaztetxeak deituta, Frantziako Poliziak han aterpetuko direla salatzeko. Aurreikus daiteke ondoko egunetan ere gisa bereko ekintza bat baino gehiago izanen dela. Uztailaren 6an sarean argitaratu zuten manifestu batean aurkeztu zuten G7 Blokatu kolektiboa, goi bileraren antolatzaileak «trabatzeko» desobedientzia ekintzetan parte hartzeko deia eginez. «Bihurriak, desobedientzialariak, erresistenteak, horiak, arrosak, berdeak, beltzak...», denak deituak dira «ekintza alai bezain deliberatuetan» parte hartzera.

Agirian, agorrilaren 24tik 26ra Miarritzen eta inguruetan egin nahiko lituzketen ekintzak zerrendatu dituzte. Ding-dong, G7 Blokatu gara lelopean, Polizia dagoen egoitzen azpian gaueko danborradak egitera deitu dute, adibidez. «Ez gaituzte bakean uzten; ez ditugu bakean utziko», diote agirian. Horrez gain, goi bilerak iraungo duen bitartean nazioarteko delegazioen aitzinean jarrialdiak eta blokeatzeak egitera deitu dute. G7koen goi bilerak zerbitzu publikoak «desbideratzen» dituela salatuta, G7 Blokatu kolektibokoek jakinarazi dute zerbitzu horiek «trabatzen» arituko direla. «Zerbitzuetako langileak deitzen ditugu ez kolaboratzera eta elkartasuna erakustera G7koen kontrako ekintzei».

Azkenik, jakinarazi dute«setioari» aurre egiteko «karrikaren berreskuratzeko ekintza handia» prestatzen ari direla, Karrika gurea da lelopean: giza kate bat goi bilerako partaideen harat-honatak trabatzen arituko dela erranez.

Ohartarazi dute desobedientzia zibil masiboa dutela printzipio gisa: «Gure gorputzak ditugu arma bakarra». Ekintzen berri ahoz ahokoaren bidez emanen dute. «Bakoitzari dagokio konfiantzazko adiskideari komunikatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.