Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Casanova: «EH Bildu da ezkerreko alternatiba»

Dei egin die Bizkaiko ezkerreko sektoreei indarrak batzeko. Mertxe Aizpuruak iragarri du EH Bildu izango dela «gehien haziko den indarra»

EH Bilduren hautagaiak, atzo, Galdakaon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Galdakaon egin du EH Bilduk Bizkaiko ekitaldi nagusia, eta, bertan, EH Bilduren aldeko botoa «ezkerreko boto alternatibo bakarra» dela esan du Bizkaiko ahaldungai nagusi Iker Casanovak: «EH Bildu da ezkerreko gobernu bat izateko aukera bakarra, gobernu aurrerakoi bat gidatzeko bokazioa, gaitasuna eta aukera duena». Horregatik dei egin die Bizkaiko ezkerreko sektoreei indarrak batzeko EH Bilduren proposamenaren inguruan: «Jauntxoen garaia amaitu da. Bukatu behar da Bizkaian eskuinak aurkaririk gabe gobernatzen zuen aroa».

Casanovaren iritziz, «hesiak, aurreiritziak eta tabuak» erortzen ari dira, eta gero eta jende gehiago ari da EH Bilduren proiektuarekin identifikatzen: «Galdakao horren eredua da, eta eredu hori Bizkai osora eraman behar dugu».

Kanpainaz mintzatzean, Casanovak bi eredu kontrajarri ditu: «Kanpaina honetan, beste batzuek irain egin dute; guk, erein. Batzuek, eraitsi; guk, eraiki».

«Zarata eta lokatza»

Hari mutur horri oratu dio EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak ere. Esan duenez, «zarata eta lokatza» izan da beste zenbait alderdiren kanpainaren ezaugarri nagusia: «Gu ez gara horretan sartu, eta ez gara sartuko. Gu saiatu gara zer egin dugun azaltzen, konponbideak eta politika egiteko gure modua mahai gainean jartzen».

Aizpuruak iragarri du EH Bildu izango dela igandeko hauteskundeetan gehien haziko den indar politikoa, eta alkate eta zinegotzi kopurua ere nabarmen handituko duela: «Galdakao horren adibide ona da. EH Bilduk gobernatzen duen tokian, EH Bilduko alkate bat dagoen tokian, ezker subiranista hazi egiten da. Herritarrek EH Bilduko alkateak saritzen dituzte, gobernatzeko duten moduagatik, eta erabakiak hartzen dituztenean herritarrak kontuan hartzeagatik».

Iñigo Hernando Galdakaoko alkategaia ere mintzatu da ekitaldian. Esan du alkatetzan eman duen agintaldia «zaila baina oso positiboa» izan dela, eta botoa eskatu du proiektua indartzeko : «Gauzak beste modu batera egin daitezkeela frogatzen ari gara. Eta Bizkaian ere gauzek aldatzen jarraituko dute. Galdakao Bilboren sarreran dago, Bilbo hurbil dugu, eta gero eta hurbilago egongo gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.