Krisia PPn

Casadoren euskal lagunak eta lagun ohiak

PPko presidenteak lagun fidelak izan ditu barne krisian, baina beste batzuek egun gutxiren buruan aldatu dute posizioa. Beltran izan da Casadok azken orduetan izandako aliatu bakanetakoa

Pablo Casado, Iruñeko udaletxean, UPNko buruzagien artean. Atzean, Ana Beltran: Casadoren konfiantzakoa. J. DIGES / EFE.
jon olano
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun

Lagunak, ezagunak; aliatuak, etsaiak. Denetarik ezagutu du Pablo Casado PPko presidenteak azken orduetan, eta alderdiak bizi duen krisiari erreparatuta, Euskal Herrian izan dituen babesak ere ez dira sendo-sendoak izan. Casado 2018ko uztailean izendatu zuten PPko presidente, eta haren lehen egitekoetako bat izan zen Mariano Rajoyren ziklo politikoa bukatu eta alderdi barruan koadro propioak sortzea, hari leialtasuna izango ziotenak. Horietako batzuen ustez, ordea, Casadok orain enbarazu egiten dio alderdiari

Ikusi gehiago: Pablo Casadok agur kutsuko hitzaldia eskaini du Kongresuko kontrol saioan

Euskal Herrian, bi izen propio ditu Casadoren agintaldiak: Carlos Iturgaiz eta Ana Beltran. Iturgaizek PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidentetza zor dio Casadori, 2020ko otsailean Casadok Alfonso Alonso kargugabetu eta, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira, Iturgaiz PPren kausarako berreskuratu eta lehendakarigai jarri eta gero. Krisia lehertu denetik, ordea, zuhur jokatu du Iturgaizek, Casadoren nahiz haren ordezko izateko beste edozeinen alde argi eta garbi agertu gabe. Atzo iluntzean, Casadok erkidegoetako PPko presidenteekin eginiko bilerara sartzean, garbiago eman zion bizkarra orain arteko nagusiari: Alberto Nuñez Feijoori eskatu zion aurrerapauso bat emateko, eta Casadori, albo batera egiteko.

Beltran, azkeneraino

Casadorekiko fidelago jokatu dute beste kargu batzuek. Ana Beltran PPko Nafarroako presidentea da bakanetako bat; astelehenean PPren zuzendaritzak eginiko bileran, gutxi batzuk zeuden Casadok Zuzendaritza Nazionalera deitzearen alde, eta horien artean zegoen Beltran, eta, atzo bertan, Casadok Espainiako Kongresutik alde egitean, haren atzetik joan ziren hiru kideetako bat izan zen Beltran, eta erkidegoetako buruzagien artean, hura azkeneraino sostengatu duen bakarra. Izan ere, Casadoren agindupean, alderdian indarra hartuz joan da Beltran: 2019ko martxoan, Casadok Madrilgo zerrendan bosgarren sartu zuen Espainiako Kongresuko hauteskundeetarako, eta urte bereko uztailean Antolaketa idazkariorde izendatu zuten. Ikusi beharko da ontzitik jauzi egin ez izanak zer-nolako faktura politikoa sortzen dion.

Beltranen babesa, ordea, ez da alderdiaren Nafarroako adar osoarena; babes horrek arrakalak eragin ditu PPN-n. Jose Suarez parlamentariak beharrezko jo du PPk lehenbailehen kongresu bat egitea, eta Carmen Alba Iruñeko zinegotzia ere argi mintzo zen: «ezta egun bat gehiago ere» kongresura deitu gabe. PPren barne gatazka ere interes handiarekin jarraitzen ari dira UPN-n, hurrengo buruzagiaren izendapenak PPren barne egoeran nahiz Navarra Sumaren etorkizunean izan dezakeen eragina dela eta.

Beste leialtasun batzuk ere bildu ditu Casadok egunotan. Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidentea Zuzendaritza Nazionaleko kidea ere bada, eta sareetan agertu dio sostengua: «Pablo Casadok bere konfiantza eman zidan bere garaian, eta gaur, nire presidenteak nire konfiantza izaten jarraitzen du». Bizkaian bertan, Bea Fanjul NNGG PPko gazte erakundeko buruak harreman estua erakutsi izan du Casadorekin, eta hala egin du krisi honetan ere. Polemika eragin zuen hark sare sozialetan jarritako argazkiak: Casado eta Fanjul ageri ziren besarkatuta, ondoan Miguel Angel Blanco ETAk hildako zinegotziaren irudia zutela. Barkamena eskatu zuen Fanjulek.

Marotoren ziaboga

Halere, deigarria da beste ordezkari politiko batzuek Casadorekiko egin duten jarrera aldaketa. Javier Maroto Gasteizko alkate ohiaren kasuan, egun gutxi batzuk baino ez daude jarrera batetik bestera. «Pablo Casado ezagutzen dudanetik, eta jada badira urte batzuk, eredugarritasunarekin konprometitutako politikari baten adibidea ezagutu dut. Bere buruarekiko praktikatzen duena. Beti. Baita gaur ere», zioen ostegunean. Bestelako mezua zabaldu zuen herenegun sare sozialetan: «Berresten dut atzo PPren Zuzendaritza Batzordean adierazi nuen exijentzia, ezohiko kongresu bat egin dadin lehenbailehen. PPk eta Espainiak behar dute».

Maroto ez da edozein izan Casadoren organigraman: antolaketa idazkariorde izanik, konfiantzazko kargu nagusietako bat bete du. 2019ko apirileko hauteskundeetan, Araban diputatu izan ezinik geratu ondoren, Gaztela eta Leonen erroldatu zen Espainiako senatari izendatu zezaten. Behin senatari izendatuta, PPren taldeko eleduna da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.