Carretero epaileak Mouliaari emandako «tratu negargarria» salatu du Astelehen Lilak elkarteak

Nafarroako elkarte feminista horrek kexa bat bidali du Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusira; erakunde horrek bederatziehun kexa eta salaketa jaso ditu jada Carreteroren kontra.

Adolfo Carretero epailea, artxiboko irudi batean. J. J. GUILLEN / EFE
Adolfo Carretero epailea, artxiboko irudi batean. J. J. GUILLEN / EFE
nerea intxausti
2025eko urtarrilaren 23a
13:50
Entzun

Astelehen Lilak Nafarroako elkarte feministak kexa bat bidali du CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusira, Adolfo Carretero epaileak Elisa Mouliaari emandako tratua «negargarria» delakoan. Salaketa jarri dute sexu askatasunaren kontrako delituengatik Iñigo Errejon Espainiako Kongresuko diputatu ohiaren inguruan abiatutako ikerketaren harira. Elkarteak eskatu du CGPJk «lehenbailehen» ikerketa bat abiatu dezala, eta irtenbide bat galdegin dio «sexu indarkeriaren biktimen kontrako gehiegikeria horri» buru egiteko. 

Nafarroako elkartearen kexaz gain, beste bederatziehun kexa eta salaketa jaso ditu CGPJk Carretero epaileak Mouliaari egindako galdeketaren harira, eta ikerketa abiatu du. Ondoren erabakiko du zehapen espedientea ireki ala ez.

Astelehen Lilak elkarteak ohar batean adierazi duenez, agerian geratu da Carretero magistratuak ez dituela errespetatu «ez Sexu Askatasunaren Berme Integralari Buruzko Lege Organikoa, ez Delituaren Biktimaren Estatutuarena». Elkarteak arrazoitu du epaileak salatzailea larderiaz tratatu zuela, berriz biktimizatu zuela eta, beharrik gabe, galdera sexualizatuak eta deshumanitzatzaileak egin zizkiola. Gainera, iritzi diote galderetako batzuk ez zetozela bat salatutako gertaerekin.

Balio iritziak

Oharrean erantsi dute epaileak biktimari balio iritziak adierazi zituela: «Aurpegiratu zion denbora gehiegi hartu zuela salaketa jartzeko, ez ziola nahiko kontra egin akusatuari, eta ez ziola, beren-beregi, ezezkorik adierazi». Horrekin loturik, elkarteak ohartarazi du indarrean dagoen Zigor Kodearen arabera onespena dela ardatza sexu erasorik izan ote den zehazteko, eta, beraz, ez duela garrantzirik biktimak ahoz edo fisikoki ezezkoa adierazi ote duen. 

Astelehen Lilak elkartearentzat, «berebiziko garrantzia» du magistratu horri zehapen espedientea irekitzeak, eta nahi dute magistratura osoak sexu indarkeriari buruzko legeak betetzea eta aplikatzea. Iruditzen zaie epaileak genero ikuspegian trebatuko direla horrela, legez horretara behartuta daudenez gero. Halaber, nabarmendu dute horrek modua eman dezakeela emakumeek sistema judizialean duten konfiantza berreskuratzeko —orain «murritza» delakoan baitaude—, eta sexu askatasunaren aurkako delituak salatzeko.

Gaineratu dute egokia litzatekeela Carretero epaileak berak genero ikuspegiari buruzko prestakuntza zehatza jasotzea, gehienbat indarkeria matxistarekin lotutako edozein prozesu bideratu aurretik. Egindako kaltea behar bezala konpontzeko ere eskatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.