«Carrefour boikotatu, Palestina askatu» oihu artean manifestazio bat egin dute dozenaka herritarrek Angeluko (Lapurdi) BAB2 merkataritza gunean. Elkartu bezain laster, Frantziako Polizia joan zaie manifestariei, eta isunak jartzearekin mehatxatu ditu. Pirinio Atlantikoetako prefeturak protesta debekatzea erabaki du, eta, horren ondorioz, manifestariek 135 euroko zigorra izateko arriskua dute. Protesta denboran ez dute isunik jaso, baina ohikoa da posta bidez iristea isuna, zenbait egunetara. Antolatzaileek argibideak eman dituzte isun horiei helegitea ezartzeko.
Manifestariek eskuorriak banatu dizkiete Eguberrien bezperan erosketak egitera etorritako bezeroei. «Palestinarrek sekula baino beharrezkoagoa dute gure sostengua. Denok boikotari lotu eta denon artean eragin dezakegu Israelen diru moltsan eta, beraz, esparru politikoan», idatzi dute eskuorri horretan. Azpian, Israel sostengatzen duten eta boikotatzera deitzen dituzten marken zerrenda: Axa, Puma, Sodastream, Hp, Siemens... «Produktu eta enpresa horiei sosa emanez, Israelen politika sostengatzen da. Ezta zentimo bat ere garbiketa etniko eta genozidioaren alde!», aldarrikatu dute.
Frantziako Poliziaren presentzia handia izan da protestaren inguruan. Lehen momentutik, barnera sartzeko bidea moztu die Poliziak. Halere, banderola atera dute manifestariek saltokiaren atarian: Israel genozida, Carrefour boikot irakur zitekeen. Finean, saltokiaren inguru guzia egin dute manifestazioan, eta gertutik segitu ditu Frantziako Poliziak, Angelutik Baionara doan bide nagusia mozten utzi gabe. Uniformerik gabeko polizia andana ere hor egon da, saltokiko sarreren aitzinean ezartzeko, protestariak ez sartzeko gisan.
Euskal Herriko beste lekuetan ere egin dituzte protestak Carrefouren kontra, BDZ mugimenduak deituta. Erraterako, goizean Gasteizen bildu dira Carrefour dendaren aitzinean, eta salatu dute enpresak Israelgo armadarekin egina duen kontratua. Bestalde, Donostian ere dozenaka herritar elkartu dira Palestinari elkartasuna adierazteko.
Boikota, Israelen kontrako tresna
Aspaldi zabaldu zuten herritar eta eragile batzuek Israelen kontrako boikot kanpaina. Azken hilabeteetan Gazako zerrendak pairatzen dituen sarraskien ondorioz, berriz aktibatu da zenbait enpresa boikotatzeko deia. «Munduko estatuek genozidioa onartzen eta sostengatzen duten heinean, Israelen gaineko presioa herritarren partetik etorriko da. Egoera salatzeko, milioika herritar gara karrikan, armen esportazioa oztopatzen dabiltza geroz eta enpresa eta portu gehiagotan. Beste arma eraginkor bat ere badugu esku artean: boikota», adierazi dute protestariek.
Izan ere, 2000ko hamarkadan 171 elkarte palestinarrek zabaldu zuten boikot egiteko deialdia. BDZ Mugimendua da boikot horren sustatzaile nagusia.
Euskal Herrian ez da lehen aldia BDZ mugimenduak protestak egiten dituela. Erraterako, urrian, Bizkaiko BDZ mugimenduak manifestazioa egin zuen Israeli boikot egitera deitzeko. «Ezin ditugu normalizatu Euskal Herrian gure erakunde publiko, alderdi politiko eta enpresek estatu genozida batekin dituzten harremanak», erran zuten orduan.