Carmelo Arriazu Ablitasko (Nafarroa) alkatea hil da, 72 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Navarra Suma alderdiko hautetsia zen, eta lehen agintaldia betetzen ari zen alkatetzan. 2019. urtean irabazi zituen hauteskundeak lehenbiziko aldiz. Iaz kargua utzi behar izan zuen gaixo zegoelako, eta, ordutik, Carlos Bonel alkateordeak betetzen zuen haren postua.
Heriotzaren berri jakin bezain laster izan dira erreakzioak. UPNko presidente Javier Esparzak doluminak agertu ditu Twitterren idatzitako mezuan: «Gaur Carmelo Arriazuk utzi gaitu, Ablitasko alkatea zen, baina, ororen gainetik, herriarekin, Nafarroarekin eta UPNrekin engaiatutako pertsona on bat». Tuterako alkate Alejandro Toquerok ere sare sozialetan oroitu du Arriazu: «UPNko familia eta Erribera lutoz daude. Alkate bikaina eta pertsona ezin hobea zen». Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak, berriz, doluminak agertu dizkie sendiari, udal taldeko kideei, Ablitasko herritarrei eta UPNko kideei.