Abortatu nahi duten emakumeei fetuaren argazki bat erakustea. Hori izan zen Carlos Salvador (Iruñea, 1966) diputatuaren proposamen izarra Espainiako Kongresuan, UPNren Madrilgo eledun izan zen garaian (2004-2019). Vox alderdia izan zen Salvadorren ateraldi hura txalotu zuen bakarrenetakoa, eta antzeko egitasmo bat aplikatu nahi izan du berriki Gaztela eta Leongo Gobernuan (Espainia). Izan ere, Salvador ezaguna da aspalditik Nafarroan, UPNren sektore erreakzionario eta ultrakatolikoa ordezkatzeagatik. Aurrerantzean, Iruñeko Udalaren Berdintasun alorreko buru izanen da, Cristina Ibarrola alkateak hala erabakita.
Salvadorrek hogei urte daramatza politika profesionalean; gehienak, Madrilen: senatari izan zen 2003 eta 2004 artean, eta Kongresura jauzi egin zuen gero. 2019an, Sergio Sayasi eta Carlos Garcia Adanerori utzi zien UPNren lekukoa Espainiako hiriburuan. «Kanpo aholkulari» lanak ere egin izan ditu PPrentzat. Denbora horretan guztian, sexu heziketaren, hezkidetzaren eta abortuaren aurka azaldu da behin baino gehiagotan. Skolae programaz, adibidez, esan zuen «genero adoktrinamendua» dela; eta abortua alderatu zuen Tordesillasen (Espainia) urtero torturatzen eta hiltzen diren zezenekin. Horregatik guztiagatik, Hazte Oir elkarte ultrakatolikoak saria eman zion, «familiaren alde eginiko lanagatik».
Iruñeko Berdintasun zinegotzia izanen dela jakin eta berehala, izendapena txarretsi dute EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek. Iruñerriko mugimendu feministak ere «emakumeen eskubideen aurkako eraso zuzena» dela esan du, eta beste hainbat talde feministak ere ohar bateratua argitaratu dute, erabakiaren aurka. Zehazki, Astelehen Lilak elkarteak, Iruñeko Peñetako talde feministak eta Sexu Indarkeriaren Aurkako Emakumeen Plataformak «kezka handia» adierazi dute, Iruñeko Udalak «aurrerantzean izan dezakeen noraezaren inguruan».