Carlos Martin Beristainek (Bilbo, 1959) jasoko du aurten Rene Cassin saria, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak atzo iragarri zuenez. «Hainbat hamarkadatan eta munduko hainbat lekutan giza eskubideen sustapenean eta defentsan lagundu duelako» saritu dute psikologia eta medikuntzako doktorea. Izan ere, beren ibilbideari esker «giza eskubideak sustatzearekin duten konpromisoa» erakusten duten pertsonen edo taldeen lana saritzeko helburuz sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin saria, 2003an, eta aurten erabaki dute Beristainek arlo horretan egin duen lana txalotzea. Artolazabalek honela definitu du saritua: «Euskaldun unibertsala eta giza eskubideen defendatzaile amorratua».
Argituz elkarteak proposatu zuen Beristainen hautagaitza, eta epaimahaiak aho batez izendatu du saritu. Epaimahaiaren ustez, Beristainek egiten duen lana «erabat egokitzen da sariaren printzipioetara; alegia, gatazka bortitz larriek astindu dituzten gizarteetako biktimen memoria berreskuratzeko eta haiei laguntzeko lana, baita irakaskuntzako, ikerketako eta eskubideen urraketen prebentziorako lana ere».
Euskal Herrian, Mendebaldeko Saharan, Guatemalan eta Kolonbian lan egin du Beristainek. Monika Hernando Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak zehaztu duenez, aholkulari izan da Egiaren Batzordeetan, eta Guatemalako Memoria Historikoa Berreskuratzeko txostena koordinatu zuen. Gaur egun, Egiaren Batzordeko kidea da Kolonbian, baita Ayotzinapako (Mexiko) 43 desagertuen kasurako Giza Eskubideen batzordeko kidea ere.
Saria, hilaren 10ean
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak abenduaren 10ean emanen dio saria: Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Jaurlaritzak lelo hau hautatu du egun horretarako: Gaur inoiz baino gehiago, kutsatu elkartasuna! Zure eskubideak, guztionak.
Carlos Martin Beristainek irabazi du Rene Cassin saria
Euskal Herriko eta nazioarteko gatazken konponbidean bizikidetzaren arloan egin dituen ekarpenak saritu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu