AET Administrazioan Euskaraz Taldeko kideek jakinarazi dute lehengo astean eskaera bat erregistratu zutela, Nafarroako Gobernuari zuzenduta: Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno kargugabetzeko eskatu dute. Oibarren euskarazko haur eskola bat irekitzeko eskea dago, eta horri oztopoak jarri dizkiola iritzita, hori da kargugabetzea eskatzeko motibo nagusia. Oroitarazi dute, ordea, aurretik «horrelako jokabide asko» izan dituela kontseilariak, eta horrek ere bultzatu dituela erabaki hori hartzera.
AETko kideek gogora ekarri dute, adibidez, Lerinen euskarazko lerroa eskatu zuten familiei Gimenok erantzun ziela ez zegoela tokirik, eta Mendigorrian hilabete askotako lana egin behar izan zutela familiek D ereduaren alde. «Orain, nahiago du Oibar haur eskolarik gabe gelditzea, euskarazko haur eskola izatea baino, eta, gainera, jendearen aurrean udala jarri nahi du guztiaren errudun», salatu dute.
Horregatik egin dute eskea. «Garaia da: nahikoa meritu egin du», esan dute. Egungo gobernua «aurrerakoia» bada, beste inola ezin dutela jokatu uste dute, eta kargutik kendu egin behar dutela kontseilaria.