Nafarroako Caritasek 5.171 pertsona lagundu zituen iaz. Laguntza hori, baina, ia 13.000 lagunengana iristen da, laguntza jasotzen dutenek familia baitute. Caritasek laguntzen dituen horien soslaia ez da asko aldatu, Maite Kintanaren arabera. Iruñeko eta Tuterako Elizbarrutiko Caritasen zuzendaria da. Gaur eman ditu iazko jarduerari buruzko datuak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Caritasekoek atzo egin zuten.
Nafarroan laguntza jaso zutenen ezaugarrietako batzuk: hirutik bi (%64,32) emakumeak dira; lautik batek (%26,11) seme-alabaren bat du; seme-alabaren bat dutenen erdiak (%51,85) guraso bakarreko familiak dira, «gehienetan bakarrik dauden emakumeak»; hamarretik zortzi (%79,81) atzerritarrak dira; hirutik batek (%32,33) batxillergoa edo unibertsitate ikasketak ditu; eta ia lautik bat (%23,03) 30 eta 44 urte artekoa da.
Iruñeko eta Tuterako Elizbarrutiko Caritasen zuzendariak kritikatu egin du Espainiako Gobernuak atzerritarrei dagozkien prozedurak tramitatzeko onartutako modua. Berez, 2021ean onartu zuen, baina Nafarroan aurten jarri dute abian. «Atzerritarrek ez daukate bermatuta oinarrizko eskubideak gauzatzeko bideak», salatu du. «Are gehiago, oztopatu egiten dela esango nuke».
Ezin ordua hartu
Internet erabiltzea «bideraezina» da, iritsi berriek ez baitute izaten ez agiririk, ez atzerritarren identifikazio zenbakirik. Ordua hartzeko sistemak gainezka egin duela esan du: «Ezin da txandarik lortu, errazagoa da loteria tokatzea». Horren ondorioz, azaldu duenez, mafiek hitzorduak saltzen dituzte.
Bestalde, esan dute Espainiako Justizia Ministerioak abian jarritako doako ahalduntze sistema ez dela bideragarria, «justizia administrazioak ez baitu horretarako benetako gaitasunik». Atzerritarrei dagozkien prozedurak egiteko badaude bitartekari profesionalak ere, «baina ordaindu egin behar dira». «Eta baliabide ekonomikorik ez dutenek edo oso gutxi dituztenek ordaindu egin behar badute, arazo bihurtzen da hori». Kintanak salatu du batzuk egoera horretaz baliatzen direla, oso prekario bizi direnei gehiegi kobratzeko.
Migratzaileek beren egoera arautu ahal izateko 7.300 gestio egin zituen iaz Nafarroako Caritasek. «Baina Caritas gara, ez aholkularitza bulego bat», gehitu du. «Administrazioari dagokion lan bat egiten ari gara. Ez dagokigun ardura bat hartzen dugu bitartekaritza eta ordezkaritza lan hori egiten dugunean». Aurrerantzean, Nafarroako Caritasek ez du atzerritarren egoera arautzeko lehen eskaria egingo, uste baitu ez dagokiola, eta horretarako dirua ere jarri behar baitu. Egoera ikusita, Kintanak uste du administrazioari dagokiola gauzak konpontzea: bai Espainiako Gobernuari, bai Nafarroakoari. Berez, Espainiako Gobernuarena da eskumena, «baina hori ez da aitzakia Nafarroako Gobernuarentzat». Erregistro bulegoetan eskaerak aurrez aurre aurkeztu ahal izatea proposatu du.
Laguntza, ez zerbitzuak
Kintanak iragarri du ekainaren 5ean berriro zabalduko dutela etxegabeentzako Iruñeko San Migel zentroa. Itxita dago iazko ekainetik, «gainezka egin zuelako» eta «zerbitzuaren zentzua eta misioa desitxuratu zuten soslaiak agertu zirelako». 581 pertsona artatu zituzten iaz, zentroa itxi arte. 2014an 36 pertsona artatzen zituzten batez beste egunero; iazko maiatzean, 99 ziren. Horren ondorioz, zentroaren izaera eta funtzionamendua aldatu egingo dituzte: etxegabeei laguntzeko izango da, ez zerbitzuak emateko (dutxak, ikuzgailuak, Internet, sakelako telefonoak kargatzea...).
«Ateak itxita eskainiko dugu zerbitzua», azaldu du Kintanak. «Bestela aurreko egoerara itzuliko baikinateke». San Migelera joan aurretik, etxegabeek San Antongo zentrotik pasatu beharko dute. San Antongo zentroan egingo diete harrera eta lehen balorazioa, kasu bakoitza bideratu ahal izateko. «Laguntza pertsonalizatua eta indartsua izango da».
«Caritas gara, ez aholkularitza bulego bat. Administrazioari dagokion lan bat egiten ari gara».
MAITE KINTANA Iruñea eta Tuterako Elizbarrutiko Caritasen zuzendaria
Genero ikuspegia izango da San Migel zentroan eskainiko duten laguntzaren ardatzetako bat: ikusi zuten emakumeak San Anton zentrora joaten hasi zirela, uste zutelako San Migelgoa ez zela segurua, «gizonen mende zegoen gune ireki bat» bihurtu zela. San Migel zentroa mistoa izango da, baina San Antonen artatuko dituzte hala nahi duten eta han seguruago eta babestuago sentitzen diren emakumeak.
Kintanak emandako datuen arabera, bide pribatuetatik lortu dute diruaren %99,5; diru laguntzak %0,5 baino ez dira izan. Nafarroako Caritasek hemezortzi herentzia edo ondare jaso zituen iaz, «normalean baino gehiago». 1,4 milioi euro inguru. Diru horren zatirik handiena Espainiako Caritasen bitartez bideratuko dute, bi proiektutarako: bata Bangladeshen eta bestea Haitin.