Capdeviellek eskatu du bi euskal presori DPS estatusa kentzeko

Bereziki zaindutako presoei ezarritako estatusaren pean daude Mikel Karrera eta Saioa Sanchez euskal presoak. Frantziako Asanbleako hiru euskal diputatuen izenean egin du eskaria Capdeviellek.

Colette Capdevielle, uztailean, Frantziako Asanblearako hauteskundeen garaian. PATXI BELTZAIZ
Colette Capdevielle, uztailean, Frantziako Asanblearako hauteskundeen garaian. PATXI BELTZAIZ
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko irailaren 19a
09:00
Entzun

Oraindik bi euskal preso daude DPS estatusaren pean —bereziki zaindutako presoei ezartzen zaie—, eta estatus hori kentzeko eskatu dio Colette Capdevielle euskal diputatuak Frantziako kartzeletako kontrolatzaile nagusi Dominique Simonnoti. Atzo egin zuen eskaria Capdeviellek, Frantziako Asanblean konstituzioa eta estatuaren administrazio orokorra hizpide dituen batzordean. Euskal Herriko beste bi diputatuen —Peio Dufau eta Iñaki Etxaniz— izenean ere egin du eskaria; hirurak dira Fronte Popular Berriko diputatuak, eta udan egindako hauteskundeetan hautatu zituzten Iparraldeko herritar gehienek.

Frantziako estatuak bereziki zaindutako presoei ezarritako estatus bat da DPS, eta 30 presori baino gehiagori ezarri diete azken hamarkadetan; gehienak euskal presoak eta Korsikakoak izan dira. Hala ere, azken urteotan estatus horren pean egoteari utzi diote hainbat presok, eta bi baino ez daude oraindik DPS estatusaren pean: Mikel Karrera eta Saioa Sanchez euskal presoak.

Capdeviellek gogoratu du 13 urte pasatu direla ETAk jarduera eten zuenetik, eta nabarmendu du bake prozesuan ez duela «inolako zentzurik» euskal presoei salbuespenezko neurriak ezartzeak. «Izan diren bilakaera politikoak aintzat harturik, eta jakinik DPS estatusa kendu dietela gehienei, onartezina da gauza bera ez egitea aipaturiko bi kasuetan», esan dio Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko lehendakariak Mediabask hedabideari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.