Colette Capdevielle PSko kide eta Fronte Popular Berriko hautagaia nagusitu da bosgarren hautesbarrutian, 22.643 boto eskuratuta (%32,30). Eskuin muturreko Batasun Nazionalak lortu du bigarren lekua: Serge Rossok botoen %27,54 lortu ditu. Hirugarren lekuan gelditu da Florence Lasserre Modemeko diputatua.
Lehen itzulian eskuratu dituzten emaitzei begira, hiru hautagaiek dute aukera heldu den igandeko bozetako lehiara aurkezteko, baina ikusteko dago macronistek zer erabakitzen duten. Izan ere, Frantziako Estatuan Emmanuel Macron presidentearen aldekoek jakinarazi dute hirugarren lekuan bukatu duten eremuetan hautagaitzak erretiratuko dituztela baldin eta Fronte Popularreko hautagaiak ez badira Frantzia Intsumisokoak. Sud Ouesten arabera, hautagaitza atxikitzea erabaki du Lasserrek.
Egunkari honen deiari erantzutean jakin du Lasserren erabakiaren berri Maria-François Etxebarria Rennaissance alderdiko Ipar Euskal Herriko arduradunak, eta baieztatu du Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak hautagaitza erretiratzea deitu dituela hirugarren lekuan gelditu diren hautagai macronistak. «Pentsatzen dut emaitzak hertsiak direlako erabaki duela hori, baina harekin aipatu behar dut». Errepublikanoen eta EAJren botoak eskuratu ditzaketela iradoki du. «Ez nuke ulertuko Errepublikanoek gure aldeko botorik ez ematea; ez badute horretara deitzen, haien hautetsi kargua berehala uzten ahal dute».
Lehen itzulian boto gehien eskuratu duen hautagaitza izanik «helburua kausitu» dutela erran du Capdeviellek, baina adierazi du «inarrosiak» direla Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herrian lortu dituen emaitzak ikusita. «Borrokatuko gara, kanpaina eginen dugu ezkerreko indar guziekin guretzat bozkatu ez duten guziak konbentzitzeko; absolutuki irabazi behar dugu». Lasserre nahi duena erabakitzeko libre dela erran du, baina baieztatu du hura hirugarren iritsi izan balitz «dudarik gabe» erretiratuko zela «fronte errepublikanoaren» izenean. «Hark ikusi beza zein den bere hautua».
Baionan lortu ditu emaitzarik onenak NFPko hautagaiak —herriko etxeko hautetsi da—. 8.942 boto eskuratu ditu, bigarren lekuan gelditu den eskuin muturreko hautagaiak baino 3.100 gehiago. Angelun, haatik, Lasserrek atera du diferentzia, 7.574 botorekin. Capdevielle eta Rosso iritsi dira ondoren, 6.354 eta 6.087 botorekin. Horiek dira hautesbarrutiko bi hiri nagusiak.
Hainbat herritan Batasun Nazionala nagusitu da, hala nola Ahurtin, Beskoitzen —bi botoren aldearekin NFPren aitzinean—, Gixunen, Lehuntzen, Milafrangan, Mugerren, Urketan, Akamarren, Bidaxunen, Erangon eta Samatzen. Bardozen, berdinduta gelditu dira Rosso eta Lasserre, 316 botorekin bakoitza.