Valle de Odietak Caparroson (Nafarroa) duen makroetxaldea handitzeko proiektu bat aurkeztu dio Nafarroako Gobernuari, egitasmoarentzako ingurumen baimena lortze aldera. Enpresak txahalak hazteko planta bat eraiki nahi du, 1.450 abere hartzeko gaitasuna izango lukeena. Sustrai Erakuntza fundazioak salatu du proiektu hori Caparrosoko makroetxaldea «ezkutuan» handitzeko saiakera bat dela, eta, beraz, ez dela modu bakartuan aztertu behar. Egitasmoaren txostena argitaratuta dago, eta hala egongo da urriaren 14ra arte. Tarte horretan, alegazioak aurkezteko aukera izango da.
Txostenak zehazten duenez, Valle de Odietak Caparroson eraiki nahi duen planta gai izango da urtebetetik beherako 550 txahal eta urte bat eta bi urte arteko beste 900 txahal hazteko aldi berean. Enpresak behi makroetxalde bat du martxan, Caparroson bertan, eta azpiegiturari kritika ugari egin dizkiote eragile ekologistek, ingurumenean duen eraginagatik. Makroetxalde horrek 7.200 behi eta 600 txahal hartzeko baimena du egun.
Valle de Odietak abere gehiago hartu ahal izateko proiektu bat aurkeztu zuen 2022ko abenduan. Instalazioak handituta, 11.300 abelburu hartzea zuen helburu. Sustrai Erakuntzak alegazioak aurkeztu zituen egitasmoaren kontra. Argudiatu zuen indarrean den ingurumen baimenak ez duela halako handitze baterako aukerarik ematen. Nafarroako Gobernuak ez du gaiaren gaineko erabakirik hartu oraindik.
Makroetxaldea handitzeko zailtasunak direla eta, Valle de Odietak instalazioak «ezkutuan» hedatu nahi dituela salatu du Sustrai Eraketak. «Badirudi enpresak instalazioak handitzeko aurkitu duen modua dela esnea ekoizten ez duten animaliak beste instalazio batera ateratzea, baimendutako abelburu kopurua mantenduz, eta animalia produktiboak besteen ordez sartzea. Horrela, instalazioetan esnea ekoizten duten animalien kopurua handituko litzateke».
Fundazioak ohartarazi du Valle de Odietak aurkeztu duen proiektua ezin dela bakartuta ulertu. Batetik, azpiegitura berria martxan den etxaldetik hiru kilometro ingurura eraikiko litzatekeelako, eta, bestetik, enpresak «elektrizitate eta hondakinen kudeaketa zerbitzuak egungo makroetxaldearekin partekatzea» aurreikusten duelako. Proiektua onartzeak makroetxaldearen handitzea ekarriko luke, «legediek onartzen dutenaren oso gainetik».
Sustrai Eraketak gaineratu duenez, proiektuak ez du inolako azterketarik azpiegiturak ingurumenean izango lukeen eraginari buruz, eta nabarmendu du «ingurune natural garrantzitsu batean» izango lituzkeela ondorioak, Bardeako Babes Eremu Bereziaren ondoan egingo litzatekeelako. «Lau metro zabal den landa bide batek baino ez lituzke bereiziko».
Hori dela eta, egitasmoa baztertzeko eskatu dio Sustrai Erakuntzak Nafarroako Gobernuari. Bestalde, proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztera deitu du, baita makroetxaldeen kontra mobilizatzera ere.
Irregulartasun ugari
Caparrosoko Valle de Odietaren makroetxaldeak kontrako erreakzio ugari piztu ditu hasieratik eragile ekologisten artean, haren jarduerak ingurumenean eragiten dituen kalteengatik. Besteak beste, Sustrai Erakuntzak nabarmendu du «lurzoruak, urak eta atmosfera nitrogenoaren deribatuekin kutsatzen» dituela. Halakoak eragozteko neurriak galdegin dizkio Nafarroako Gobernuari. Fundazioak eskatu dio «laxo izateari» utz diezaiola gisa horretako proiektuekin, eta ez ditzala baimendu «makroetxaldeak bezalako nekazaritza eta abeltzaintza jarduera industrial kutsagarriak».
Valle de Odietaren eta HTN haren enpresa filialaren jardunean irregulartasun ugari atzeman ditu Nafarroako Gobernuak azken hamarkadan, eta zigor espedienteak zabaldu dizkio taldeari. Gainera, enpresak auzi bat du zabalik haren kontra, ustez, makroetxaldeak Arga eta Aragoi ibaien tarte batzuk kutsatu zituelako. Tafallako epaitegiak ingurumen delitu baten zantzuak ikusi ditu.