Memoria historikoa

Caparrosoko errotatik egin zion ihes heriotzari Isidro Sarasatek

Union Navarra futbol taldearen sortzaile eta CNTko kidearen historia berreskuratu du Osasuna Memoria taldeak.

Isidro Sarasate. OSASUNA MEMORIA.
Hodei Iruretagoiena
2022ko uztailaren 22a
14:34
Entzun

1936ko estatu kolpearen ondoren, beste hainbat lekutan bezala, «gorrien» aurkako sorgin ehiza hasi zuten Iruñean ere: atxiloketak, espetxeratzeak, epaiketarik gabeko fusilatzeak... Isidro Sarasate Union Navarra futbol taldearen sortzaileetakoa eta CNTko militantea zen garai hartan, eta Caparrosoko errotako tximinian ezkutatzea erabaki zuen, faxistei izkin egin eta bizia salbatzeko. Egunotan da estatu kolpearen urteurrena, eta Osasuna Memoria taldeak ikertu, berreskuratu eta ekarri du gogora Sarasateren historia, haren iloba Andoni Sarasateren oroitzapenen hariari jarraituta.

Caparrosoko errota, 1945ean. Osasuna Memoria.

1906ko maiatzaren 15ean jaio zen Isidro Sarasate, Artozkin (Nafarroa). Hamabi urte baino ez zituela, aita hil eta landa eremuan ezin bizia aurrera atera eta, Iruñera aldatu zen haren familia. Caparrosoko errotako tximinia lau urtez soilik egon zen martxan, 1892-1895 artean, eta El Irati konpainiak erosi zuen ondoren. Konpainia harentzat lan egiten zutenez, bertan jarri ziren bizitzen Isidroren ama, Josefa Arraiza Garaioa, eta hiru anai-arrebak. Gazte mugitua zen Isidro; beste hainbaten artean, Union Navarra futbol taldearen sorrera sustatu zuen. Talde hark, Osasunarekin batera, Nafarroako Futbol Federazioa sortu zuen ondoren.

1920ko hamarkadan egin ziren herri futbola eta beste hainbat kirol, eta langile klaseak ere garai hartan izan zuen haietarako sarbidea. 1931. urtean, ezkerreko langile talde batek Club Natacion gunea ireki zuen Sarasate familia bizi zen eraikinaren ondoan. Beren kabuz antolatuta, aisialdirako eta kirol ikuskizunez gozatzeko baliatu zuten espazioa. Baita politikoki antolatzeko ere.

Asturiasko matxinadaren garaia zen, eta presoz gainezka zegoen Ezkabako kartzela ere. Ondoren etorri ziren 1936ko otsaileko bozak, eta uztaileko altxamendu faxista eta estatu kolpea.

Club Natacion, Caparrosoko errotaren ondoan, Iruñean. Osasuna Memoria.

Sorgin ehiza hasia zuten militarrek, falangistek eta erreketeek. Berriozarren, esaterako, Luis eta Vitorio Esparza anaiak hil zituzten beste hamabi kiderekin batera. CNTren egoitza hartu zuten Tejeria kalean. Uztailaren 20an, estatu kolpearen aurkako lehenengo greba antolatu zuten, eta atxiloketek, sarekadek, espetxeratzeek eta hilketek etenik gabe jarraitu zuten. Galo Vierge CNTko idazkari nagusia irrati bidez greba bertan behera uztera behartu zuten, uztailaren 31n atxilotua izan ondoren.

Caparrosoko errotako tximinia.Osasuna Memoria.

Giro horretan ezkutatu zen Isidoro Sarasate Caparrosoko errotako tximinian. Benigna Sarasate arreba espetxeratu egin zuten anaia non zegoen ez esateagatik. Behin ezkutalekutik aterata, gerra ibili zen faxisten aurka, eta Vernet eta Gurseko errefuxiatu guneetan amaitu zuen porrotaren ondoren. Urte batzuetan nazien menpeko Frantzian bizi izan ondoren itzuli zen erbestetik. 1994an hil zen, 88 urterekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.