«Normala al da auzi honetan inputatua izan den pertsona bat izatea informazioa ematen ez duen enpresako buruzagia?». Galdera hori egin zuen Kontuz elkarteak,Iruñean atzo goizean emandako prentsaurrekoan. Aurreko astean, EH Bilduk salatu zuen parlamentuko ikerketa batzordean informazio gehiena falta dela, eta Auzitegi Nazionaleko ikerketa batzordean ere gauza bera gertatzen ari da. CAN fundazioak eta Caixabankek «pilota pasatzen diote elkarri», eta, bitartean, inork ez du informaziorik ematen. Kontuz-ek atzo argitu zuen Enrique Goñik berak eta inputatuen ingurukoek dutela informazioaren kontrola.
Adibidez, Caixabanken menpeko Criteria holdingak gordetzen du Nafarroako Kutxak beste enpresetan egindako inbertsioen informazioa. Criteriako buruzagi da Enrique Goñi bera. Kontuz-ek irmo salatu du hori. «Honek ez du inongo ondoriorik?», galdetu du Patxi Zamora elkarteko eledunak. Horregatik, Auzitegi Nazionaleko fiskalari laster idatzi bat bidaliko diote badaezpadako neurriak har ditzan dokumentu horien kontserbazioa berma dadin. «Ez du zentzurik ustezko delituaren egileak gordetzea froga».
Gainera, Kontuz-en arabera, fiskalak Eloy Velascori bidalitako azken txostenean berretsi du 2000tik 2012ra arteko CANen hornidura funtsen informazio erabakigarria daukala Caixabankek. Informazio hori giltzarria da CANen ondare galeraren nondik norakoak ulertzeko.
Ez da hor amaitzen dena. Egun,Caixabanken akzioen %1 inguru CAN fundazioak du, eta hark gordetzen du informazioa ere. Fundazioko presidente Joaquin Giraldez da, Barcinak berak «hatzarekin» izendatutako pertsona. Kontuz-ek ezagutarazi du, gainera, Jose Antonio Sarria CANeko kontseilariaren eta CEN patronaleko buruaren koinatua dela Giraldez. «Ez dugu esaten ahaidetasun horrek bere erabakiak baldintzatzen dituela, baina ezin dugu oharkabean pasatu xehetasun hori», esan du Zamorak.
Ikerketa batzordeak informazioa eskatu dio, eta legeak behartu egiten du ematera, baina, Datuen Babeserako Legea arrazoituta,Giraldezek uko egin dio informazioa emateari. «Adarjotze galanta iruditzen zaigu».
CANi buruzko informazioa inputatuek kontrolatzen dute, Kontuz-en arabera
Kontuz-ek neurriak eskatu dizkio fiskalari, badaezpada, frogak suntsi ez daitezen.Caixabankek eta CAN fundazioak ez dute informazioa eman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu