CAFek Jerusalemen duen tren proiektua bertan behera uzteko exijitu dute Beasainen

Palestinarekin Elkartasuna taldeak deituta, herritar andana bildu dira enpresaren akziodunen batzarraren aurrean.

Palestinarekin Elkartasuna taldeak kontzentrazioa egin du gaur, Beasainen. PALESTINAREKIN ELKARTASUNA
Palestinarekin Elkartasuna taldeak kontzentrazioa egin du gaur, Beasainen. PALESTINAREKIN ELKARTASUNA
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 15a
15:40
Entzun

«CAFek palestinar lurren okupazioan eta kolonizazioan duen erantzukizuna salatu eta zuzendaritzari Jerusalemgo tren arinaren proiektua bertan behera utzi, eta behin betiko Palestinatik alde egiteko argi esan diogu». Adierazpen irmoa egin dute gaur Palestinarekin Elkartasuna taldeak deitutako kontzentrazioan, Beasainen (Gipuzkoa). Enpresak akziodunen batzarra egin du goizean, eta data baliatuta egin dute protesta. Salaketa eta eskaera egiteko ez ezik, palestinarrei babesa adierazteko ere baliatu dute eguna.

Enpresak eskuartean duen tren proiektua Jerusalem ekialdean egiteko asmoa dute, Israelek legez kanpo okupatuak dituen lurretan. Trenak 28 kilometroko ibilbidea izanen du, eta 1.800 milioi euroko kostua gutxi gorabehera. 2017an, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak adierazi zuen proiektua legez kanpokoa dela, bere ebazpenen aurka egiten duelako. «Palestinan eraikitzen ari den tranbiaren bitartez, palestinarren jabetzak konfiskatzen, Jerusalemgo auzoetatik palestinarrak kanporatzen eta kolonoen hedapena errazten ari dira», salatu dute gaurko agerraldian.

Zentzu horretan, egoerari amaiera emateko modua zein den argi erran dute: «Genozidio honen amaiera Israel izeneko entitatearen desagerpenetik bakarrik etor daiteke». Hortaz, Israelen «zilegitasun falta, krimen eta konplizitateak» salatzea ezinbertzekoa zaie, baita horri kontra egiten dion erresistentzia babestea ere: «Ibaitik itsasora aske izango den Palestina baterako gure alea emateko».

CAFek proiektua uzten ez duen bitartean, Palestina babesten duten horiek indarrak eta ahaleginak «handitu» beharko dituztela diote, «kaleetan, fabrika barrenetan, bulegoetan edo unibertsitatean». «Hala, Euskal Herrian sionismoaren adierazpen guztien aurka borrokatzen, eta erresistentziarako eskubide osoa duen palestinar herriari gure elkartasun aktiboa adierazten jarraitzera dei egiten dugu», borobildu dute.

Giza eskubideak

AI Amnesty Internationalek ere mobilizazio eguna izan du, eta CAF enpresari eskatu dio giza eskubideak errespetatu ditzan. X sare sozialaren bidez egin ditu adierazpenak: «Palestinako lurralde okupatuetan azpiegiturak eraikiz, CAFek legez kanpokoak diren kokalekuen hedapena sustatzen du». Gehitu du proiektu hori aurrera eramanez gero, enpresak giza eskubideak babesteko duen betebeharra urratu egiten duela, eta «gizateriaren aurkako krimenak eta palestinarren aurkako gerra krimenak egitea errazteko arriskua» duela.

Zentzu horretan, AIk erran du egoerari konponbidea emateko «modu bakarra» dagoela: enpresak proiekua uzteko modu «arduratsua» abiatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.