Cabisa ez zen Kukutzakoekin hitz egiten saiatu: «Ez zuen zentzurik»

Gazteen dei eta eskutitzei ere ez zieten erantzun, «horretarako arrazoirik» ez zegoela uste zutelako.Ertzainek deklaratu dute Kukutzakoen kontrako epaiketaren bigarren saioan

Inguru guztiak hartu zituen Ertzaintzak 2011ko irailean, Kukutza gaztetxea husteko. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Cabisa enpresa ez zen saiatu Kukutza erabiltzen zuten gazteekin harremanetan jartzen, eta gaztetxetik egin zizkieten telefono deiei eta bidalitako eskutitzei ez zieten erantzun ere egin, «zentzurik» ez zuela pentsatzen zutelako. Hala adierazi zuen atzo Juan Carlos Lejarza Cabisa enpresako ahaldunak, Kukutzako 23 gazteren kontrako epaiketan lekuko gisa egindako deklarazioetan. Cabisa da Kukutzako orubearen jabea, eta enpresa horrek jarri zuen gaztetxearen hustea eta eraistea ekarri zuen salaketa. Cabisak han etxebizitzak eraiki nahi zituela adierazi bazuen ere, geroztik ez da inolako lanik egin orube hartan azken hiru urteetan.

Lejarzak azaldu duenez, enkantean erosi zuten eraikina 1990eko hamarkadaren erdialdean, hura bota eta etxebizitzak eraikitzeko asmoz. 1999an salaketa jarri zuten eraikina okupatzen ari zirenen kaleratzea eskatzeko, baina 2010. urtean epaile batek salaketa artxibatu zuen; datu hori ez zuela gogoratzen esan du Lejartzak. Behin, 2005. urtean gutxi gorabehera, gaztetxean agertu zen Lejarza; kanpoko aldean eserita zeuden gazte batzuekin hitz egin zuen. «Han ez zegoen fundamenturik», adierazi du; «nahiko esperientzia desatsegina izan zen». Hura izan zen enpresak Kukutzakoekin izan zuen kontaktu bakarra.

Eraikina eraistea ekarri zuen salaketa jarri ostean ere, 2011. urtean, ez zieten Kukutzakoen dei eta eskutitzei erantzun. «Guk ez genuen eraikina saldu nahi, ezta alokatu ere; beraz, ez zuen zentzurik haiekin mintzatzeak», esan du.

Kaleratzerik zailena

Fiskalaren zein defentsaren lekukoek deklaratu dute Kukutzaren epaiketaren bigarren saioan —gaur amaituko da epaiketa—, horien artean, gaztetxea husten jardun ziren lau ertzainek. Esan dutenez, «oso zaila» suertatu zitzaien kaleratzea burutzea. «Hogei urtez aritu naiz horretan, eta mota honetako operaziorik zailena izan zen», esan du batek.

Lehenbizi, kaleratzea sabaitik egiten saiatu ziren, baina ezinezko suertatu zitzaien, eta tanke arinarekin sarreran zuloa egin ondoren, behetik gora hasi zituzten huste lanak. Ertzainek esan dute gazteek mota guztietako gauzak bota zizkietela: hormigoi zatiak, adreiluak, komun bat, pintura poteak eta abar. Jaurtitako objektuekin lotutako froga fisikorik, ordea, ez dute aurkeztu. Eta ez zen ertzainik zauritu. «Zorte handia izan genuen», adierazi du operazioaren buruak.

Poliziek esan dutenez, azken solairura iritsi aurretik ikusi zuten gazte bat hormigoi zati bat botatzen ari zitzaiela, eta beste bat botatzera zihoala tiro egin zioten; gomazko pilota batekin zauritu zuten hankan. «Horri esker identifikatu ahal izan genuen». Gazte hori da, hain zuzen, «agintearen kontrako atentatua» egiteaz akusatutako bakarra. Fiskalak hiru urte eta egun bateko espetxe zigorra eskatu du harentzat.

Ertzaintzaren bertsioaren arabera, pilota bakarra bota zuten Kukutzaren barruan, gaztea jo zuena, hain zuzen, eta horregatik ez dute dudarik izan baieztatzeko zauritutako gaztea izan zela ertzainei eraso egin ziena. Hala ere, abokatuek gogorarazi diete kanpoan ertzainak etengabe aritu zirela pilotak botatzen; pilota haietako batek sabaian zeuden gazteetako bat jo ote zezakeen galdetuta, operazioaren buruak ez du aukera hori baztertu, baina «kasualitate handia» izango litzatekeela gaineratu du.

Abokatuek eskatu diote pilota jaurti zuen ertzainari ustezko erasotzailea identifikatzeko akusatuen aulkian zeuden gazteen artean. Guztiei banan-banan so egin ondoren, ertzainak esan du ezin zuela «erabateko segurtasunez» gaztea identifikatu. Bestelako kontraesanak ere izan dituzte ertzainen deklarazioek: tiro egin zuenak esan du gaztea lauzpabost metrora zegoela, eta haren ondoan zihoan ertzainak, berriz, metro batera egin ziotela tiro.

Borondate politikoa

Defentsaren lekukoen txandan, Txema Azkuenaga Bilduren Bilboko zinegotzi izandakoak baieztatu du bilerak egon zirela Kukutzako gazteen eta udal agintarien artean, arazoari irtenbideren bat topatzeko asmoz. Bilera horietan hainbat aukera aztertu zituzten, eta, Azkuenagaren arabera, orduko Hirigintza zinegotzi eta Eusko Jaurlaritzako egungo Enplegu eta Lan sailburuorde Ricardo Barkalak adierazi zuen arazoa konpon zitekeela, «borondate politikoa egonez gero».

Mikel Toral Bilboko Udaleko kultur teknikari eta Eusko Jaurlaritzako Kultur Sustapenerako zuzendari izandakoak ere deklaratu du defentsaren lekuko gisa. Kukutzan antolatzen ziren kultur ekitaldiak goraipatu ditu, eta gaineratu du Kukutzaren kasuak bazituela antzekotasunak Gernikako Astra (Bizkaia) edo Madrilgo Tabacalera guneekin. Gune horiek, baina, instituzioen sostengua lortu dute, «Tabacaleraren kasuan, PPren gobernua egonda ere», Toralek gogoratu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.