Cabezudoren aurkako lehen deklarazioak hasi dira: hiru andrek urratu dute bidea

Modeloen hitzak «sinesgarriak» izan dira fiskalarentzat. Astelehenean berriz hasiko da epaiketa, eta biktima gehiagok hartuko dute hitza

Cabezudo epaituko duen epaimahaia eta, ondoan, defentsa, asteon. MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Hasi dira biktimak deklaratzen. 1990eko eta 2000ko urteetan Kote Cabezudo argazkilariarekin modelo jardun ostean haren kontrako salaketak jarriak dituzten andreen txanda da orain Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Atzo hiru andrek deklaratu zuten, eta datorren astean berriz epaiketa hasiko da biktima gehiagoren lekukotasunekin. Hamasei andre fiskalak ordezkatuta ari dira; akusazio partikularrak hamalau ditu, eta preskribaturik dauden delituak egin zizkien beste lau andreren kasuen berri ere eman du.

Prentsak atzo ez zuen auzi aretoan sartzeko erarik izan; biktimen intimitatea babeste aldera, ateak itxita egin ziren atzoko deklarazio hartzeak. Adierazi zuten, hala ere, espero dutela heldu den astelehenean era ematea kazetariei areto barruan esaten direnak entzuteko; hartara, deklarazioak zuzenean entzun ahal izango dira.

Saioaren amaieran hitza hartu zuen fiskalak. Adierazi zuen «sinesgarriak» egin zitzaizkiola guztiz emakumeen lekukotasunak, eta «kontraesanik» ez zela egon esan zituztenen artean. Nolanahi ere, gogorarazi zuen epaimahaiak neurtu beharko dituela orain emakumeen hitzak, epaiketan hitz egingo duten lekuko eta perituek esango dituztenak, eta horien guztien arabera ebatziko duela sententzia bat.

Erabilera okerra

Asko falta da oraindik horretarako. Hasi besterik ez da egin epaiketa; beste lau aste geratzen dira. Akusazio partikularreko abokatu Mario Diezek adierazi zuen emakumeek salatzen dituztenez aparte, horiek berresteko irudiak ere badaudela. «Esaterako, objektiboa da haur pornografia sortu zuela. Objektiboa da modelo hainbat, Cabezudorekin argazkiak egin zituztenean, adingabeak zirela... Nahi duena esan dezake argazkilariak, baina nortasun agirietako datuak hortxe daude, eta perituek egiaztatutako informazioak ere bai». Atzo deklaratu zuten hiru andreek salatu zituzten behar adinako argibideak eman gabe egindako argazkiak, eta horien erabilera okerra. Modeloetako bati 16 urte zituela egin zizkion argazkiak, biluzik.

Akusatuak berak asteartean izan zuen epaimahaiaren aurrean hitz egiteko era; guztiz ukatu zituen emakumeen kontrako erasoak, haien baimenik gabe egindako argazkiak. Betiere modeloek kontratupean jarduten zutela esan zuen, zer egin behar zuten ondo zekitela. Bera argazki saioetan «orkestra zuzendaria» izaten zela esan zuen, «zuzendu» besterik ez zituela egiten modeloak, eta guztiz adostuta egoten zela dena aurrez haiekin. Biktimen Indarka plataformak ohar bat atera zuen atzo; egunotako prozesuak «urduritasuna» sortzen diela adierazi zuten, eta oroitu zuten asko adingabeak zirela Cabezudorekin egon zirenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.