Busturialdeko ibaietan gutxieneko emari ekologikoa murriztu dutela salatu dute

Ekologistak Martxan-ek, Eguzkik eta Zain Dezagun Urdaibaik adierazi dutenez, Uraren Kontseiluaren erabakiak arriskuan jarriko du eskualdeko ibaien osasuna.

URDAIBAI
Urdaibaiko biosfera erreserbaren aireko irudi bat. MIKEL ARRAZOLA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko maiatzaren 24a
15:21
Entzun

Busturialdeko Oka, Mape eta Golako ibaien (Bizkaia) emari ekologikoa arriskuan dago, zenbait elkarte ekologistak salatu dutenez. Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzaren menpeko Uraren Euskal Agentziak ibai horien gutxieneko emari muga beheratzea onartu zuela maiatzaren 10ean egin zuen bilkuran.

Emari ekologikoa da ibai batek bertan bizi den faunaren eta landarediaren bizitza bermatzeko izan behar duen gutxieneko emaria. Busturialdean, gutxieneko emari hori murrizteak «biodibertsitatea mehatxatzen du, argi eta garbi», Ekologistak Martxan-en eta Eguzkiren iritziz. Busturialdeak ur hornidura arazoak izaten ditu erregulartasunez, bereziki uda garaian, prezipitazio gutxiago izaten delako, eta eskualdeko biztanleria hirukoiztu egiten delako 45.000 ingurutik 140.000 ingurura.

Bi elkarteek azaldu dute, orokorrean, ez dela beharrekoa emari ekologikoen gutxienekoa murriztea ur hornidura bermatzeko. Uraren Legeak aukera ematen du emari ekologikoaren muga hori ez betetzeko, biztanleria urez hornitzeko beste aukerarik ez denean. Kontua da salbuespen neurri hori ezin zaiela aplikatu Nazioarteko Garrantziko Hezeguneen Konbentzioaren eremuaren parte diren ibaiei, eta hori da, hain justu, Oka, Mape eta Golako ibaien kasua. Horrenbestez, ibai horiek ezin dira emari ekologikoaren gutxieneko mugatik behera utzi; babes berezia dute.

Elkarteek salatu dute Uraren Euskal Agentziak onartu duen aldaketa hori herritarren hornidurarako ez ezik beste erabilera batzuetarako ere izango dela; hala nola nekazaritzarako eta abeltzaintzarako. Gaineratu dute maiatzaren 10eko bilkuran uraren kanona atzerako eraginez indargabetzea ere erabaki zuela agentziak, 2024., 2023. eta 2022. urteetarako. «Ura doan uzten da» nekazaritza eta abeltzaintza jardueretarako. «Neurri horren ondorioz. zalantza ugari sortzen dira; izan ere, kontagailurik ez dagoenez eta kanona ordaintzetik salbuetsita dagoenez, pentsa daiteke kontsumitzen den ur kantitateak ez duela axola, ezin baita kontrolatu edo kargatu».

%60ko murrizketa

Zain Dezagun Urdaibai plataformak ere Uraren Euskal Agentziaren erabakiak gaitzetsi ditu, eta ohartarazi du emari ekologikoaren murrizketak nabarmenak direla. Esaterako, %60 murritzagoa izango da Golako ibaiaren 1 eta 2 puntuetan (Arratzu): segundoko 192 eta 156 litroko emaritik segundoko 76 eta 62 litroko emarira igaroko da, hurrenez hurren.

Elkarteak gogorarazi duenez, EHUko aditu talde batek estres hidrikoko bi agertoki zehaztu zituen 2015ean egin zuen diagnostiko batean. Lehen agertokia abuztu eta irail artean izaten den estres hidriko mailari dagokio: segundoko 70-100 litro. Baina Zain Dezagun Urdaibaik bere webgunean ohartarazi du beste agertoki bat ere aipatzen dela, Europako Batasunaren uraren zuzentarauak adierazten duen ildotik, luze gabeko eta luzera begirako eragina aintzat hartzen duena. Bigarren horrek segundoko 141 litroko emarian ezartzen du estres hidrikoa.

Bestalde, Zain Dezagun Urdaibaik nabarmendu du Busturialdeko ur hornidurako arazoak giza jarduera jakin batzuen eta erabaki politiko zenbaiten ondorio direla. Besteak beste, aipatu du Urdaibaiko biosferan ezarri diren baso politikek kalte nabarmenak eragin dituela uraren eskuragarritasunean, eta erakundeei eskatu die ingurumena babesteko duten betebeharraren ardura beraien gain hartzeko.

Elkartearen iritziz, emari ekologikoa beheratzeko erabakia hirigintza proiektu batzuen sustapenarekin dago lotuta. Zehazki, ziurtatu du helburuetako bat dela «baliabide hidrikoen derrigorrezko txostenaren faltagatik blokeatuta dauden hirigintza proiektuak desblokeatzea, turismo masifikatuari begirako Guggenheim museoa barne».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.