Buruntza mendian (Gipuzkoa) —Lasarte-Oria, Andoain eta Urnieta udalerrien eremuan— hiru haize errotako proiektu bat egiteko asmoz, aurretiazko baimen administratiboa eskatu du Mendiko Haizie sozietateak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratutakoaren arabera. Parkeak, guztira, hamabost megawatteko potentzia izango luke.
Orain enpresek hogei eguneko epea dute proiektu hori egin eta ustiatzeko eskatzeko. Mendiko Haizie enpresa iazko ekainean sortu zuten, Bilbon, energia berriztagarria ekoizteko azpiegitura eolikoak garatzeko.
Buruntzaldetik gertu, proiektu eoliko gehiago daude martxan, Repsolek egin nahi duena bereziki. Izan ere, 2029rako hamalau haize errotaz osatutako parke bat martxan jarri nahi du Hernani (Gipuzkoa) eta Goizueta (Nafarroa) artean.