«Erretratu» bat dela adierazi dute ikertzaileek. Osasun sistemaren funtzionamenduaren argazki bat da, «generoaren ikuspegia» eta «aldagai sozioekonomikoena» aintzakotzat hartuta egindakoa: ikuspegi horretatik begiratuta, datuek zer esaten duten aztertu dute. Zehazki, Gurutzetako erietxeko (Barakaldo, Bizkaia) buruko osasuneko larrialdiek 2017 eta 2019 bitartean artatutako pazienteak ikertu dituzte, eta ondorioetako bat argia da: emakumezkoei, oro har, usuago errezetatzen zaizkie botikak gizonezkoei baino, eta proba diagnostiko gutxiago egiten zaizkie. Emakunderen beka baten bidez egin dute ikerlana; atzo aurkeztu zuten, erakundearen agerraldi batean.
Ikusi gehiago: Marga Saenz Herrero, psikiatra: «Genero ikuskera usu ez da aintzat hartzen, baina eragina du»
Marga Saenz Herrero Gurutzetako psikiatrak eta Maria Recio Barbero Biocruceseko Neuropsikiatriako ikertzaileak parte hartu zuten aurkezpenean, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidarekin batera. Azaldu zuten lau taldetan banatu zituztela pazienteak. Baga: adikzioen ondoriozko arazoengatik larrialdietara heldutakoak. Biga:buruko osasun arazo ohikoenen ondorioz ailegatutakoak, antsietateak eta antzekoek jotakoak. Higa: buruko eritasun larriak dituzten gaixoak. Laga: nortasunaren nahasmenduak dituztenak.
Ezkutuan
Lehen taldean gizonak izan ziren gehienak, %71, eta horren atzeko motiboetako bat argi dute: andreek, oro har, «lotsa handiagoarekin eta bakartuago» bizi dituzte adikzioak. Horiek horrela, larrialdietara heltzen direnerako «larriago» daude usu. Andreei usuago ematen zaizkie «lasaigarriak», eta gutxiago eramaten dituzte zentro itxietara. Bigarren multzoko pazienteak kasuen %48 izan ziren, %65 andreak. Hor ere, bada aldea: «Emakumeei proba gutxiago eskatu zitzaizkien, eta lasaigarri gehiago eman». Patologia larrietan ere berdin: «Andreei lasaigarri gehiago eman zitzaizkien, %40 gehiago ere bai». Azken taldean, jokaera «disruptiboak» izaten dira usu; prebalentzia antzekoa izaten da gizon eta emakumeetan, baina artatu zituztenen %70 andreak ziren. Hortik ere, gogoeta: «Emakumeen jarrera bortxazkoak ez dira hain ondo toleratzen».