«Buruko osasun arazoren bat duten emakumeen aurkako indarkeria kasu gehienak ez dira hautematen, ez momentuan gertatzen ari direnak, ezta iraganekoak ere. Gainera, biolentzia detektatzen den kasuetan, emakumeek ez dute erantzun egokirik jasotzen, zerbitzu publikoak ez baitaude euren beharretara egokituta». Fedeafes buruko gaixotasunen bat duten pertsonen eta senideen elkarteen EAEko federazioak atzo aurkeztu zuen Buru gaixotasuna duten emakumeen aurkako indarkeriari buruzko ikerketa azterlanaren ondorio argienetariko bat horixe da: gela ilun batean daude kolektibo horretako andreek jasaten dituzten tratu txarrak, ezkutuan. Horregatik beharrezkoa da ikerketa, eta, pixkanaka, emakume horien premiei erantzuteko eraldaketak egitea babes sisteman. Horretarako eskakizun sorta bat plazaratu zuten atzo Donostian, ikerketa aurkezteko egin zuten ekitaldian. Izan ere, ikerketaren emaitzetan oinarritutako gida bat ere ondu dute, eta hor txertatu dituzte eskakizunak. Horien premia gorriaz ohartarazi zuen Mari Jose Cano federazioko kudeatzaileak: «Egun, hainbatetan, emakumeak tokirik gabe geratzen dira». Nabarmendu nahi izan zuen, esaterako, tratu txarrak jasan arren, biktimentzako ohiko harrera guneetatik kanpo geratzen direla sarri buruko gaitz larriren bat duten andrazkoak: kale gorrian, batzuetan.
Erakunde publikoek ildo horretan lan handia dutela uste dute Fedeafesen. «Instituzioen arteko koordinazio eta deribazio protokoloak» eskatu dituzte, esaterako. Osakidetzaren buru osasun sareak eta buruko erien eta senideen elkarteek hor sartuta egon behar dutela uste dute, gainera. Osakidetza barruan, halaber, ESI erakunde sanitario integratu guztietan andre horien premiei erantzuteko baliabideak txertatzeko eskatu dute, eta erakunde horietan «espezializatutako zerbitzuak» jartzeko. Premiazkoa iruditzen zaie, halaber, «erreferentziazko psikiatrak» lanean hastea andreen harrerarako baliabideetan eta espezializatutako arreta psikologikorako zerbitzuetan. Canok esplikatu du era horretako esperientziak egin direla hainbat profesionalek sustatuta, eta zinetan baliagarriak izan direla. Jaurlaritza indarkeria matxistaren aurka egiten ari den urratsen barruan, emakume horiei harrera hobea egiteko asmoz abian den erakundeen arteko III. akordioan gaia txertatu dela onartu du; txalogarritzat jo zuen. Eskari eta urrats horiek guztiek fruitua eman dezaten, ordea, premiazkoa izango da profesionalak alorrean«trebatzea».
Kontsultetatik aparteegi
Atzo aurkeztu zuten gidak, hein handi batean, izan nahi du alorrean ari diren profesionalentzat lehen kontaktu bat. Izan ere, premia oso handia da alde horretatik: gidaren arabera, pazienteak tratu txarren biktima badira ere, buru osasuneko profesionalek ez dute izaten horren berri kasuen erdietan. Kontsultetan gai arrotza da oraindik. «Indarkeriaz aritzeko beldurra izaten da». Ikerketako ondorio argienetako bat, hain zuzen ere, horixe da: andrazkoek naro hitz egin dute gaiaz, baina haiek artatzen dituzten profesionalak atzeman dituzte bortxaren presentzia «minimizatzen», alboratzen.
Fedeafesek plazaratu berri duena ikerketa kualitatibo bat da, eta bertan onartzen dute datu kuantitatiboak zinetan urriak direla. Dauden apurrak, ordea —Madrilen egindako ikerketetan lortuak gehienak, hainbat profesionalen eskutik—, arrunt kezkagarriak dira. Buruko nahasmendu larriren bat duten lau emakumetik hiruk indarkeria jasan dute noizbait familiartean edo bikote harremanean; noizbait bikote harremana izan eta buruko gaixotasun larriren bat duten emakumeen %80 inguruk jasan dute bikotekideak eragindako bortxakeria. Familia barruan emakume horiek jasaten duten bortxa ere zinetan deigarria da: familiarekin bizi diren emakumeen %52 indarkeriaren biktima izan dira. Ikerketaren ondorioa argia da. Eta zamatsua: «Buruko gaixotasunen bat daukaten emakumeek biolentzia sufritzeko duten arriskua bikoiztu edo laukoiztu egiten da, gainontzeko emakumeekin alderatuta». Beste ondorio argi bat da indarkeria hori —bortxa matxista sarri ohi den gisan— oso zabala dela, ez soilik bikote barrukoa. Familia barrukoa izaten da sarri, edo ekonomikoa, edo bizileku dituzten instituzioetan jazotakoa.
Gaitzaren inguruko estigma eta horrek usu ingurura dakarren bakardadea, gainera, eragozpen izaten da andre askorentzat egoeraren larriaz jabetzeko. Hain zuzen ere, buru nahasmendua duten emakumeen %40ri baino gehiagori pasatzen zaie honako hau: bikotekidearen partetik indarkeria pairatzen duten arren, ez dute uste biktima direnik, eta are gehiago, gertatzen ari denaren «errudun» direla ere sentitzen dute. Lan handia dago, beraz, alor askotan. Osasun eta harrera sistemara begirako eskakizunetan jarri nahi izan zuten atzo, bereziki, arreta. «Elkarteok ere lan handia dugu egiteko; ospitale, osasun zentro eta antzekoetan sentsibilizazioa egin behar dugu gai honen inguruan», onartu zuen Canok. Are gehiago, elkarte barruan ere indarkeria kasuak agerrarazteko, andreentzat «espazio seguruak» sortzen ari dira, emakumeentzat bakarrik: barrena husteko, epaien eta esamesen beldur izan gabe.
Lanaren garrantzia onartu zuten atzoko ekitaldian Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburu Beatriz Artolazabalek. «Aintzat hartu behar da aniztasun funtzionala duten andreen errealitatea; berdintasuna denontzat da, edo ez da», esan zuen Landaidak. Artolazabalek andreen gaineko zamak kentzera deitu zuen. «Ez dira ahulak», azaldu zuen: «Ahuldu egin dituzte».
Indarkeria matxista
Buruko erientzat ez dago prest tratu txarren biktimentzako babes sistema
Fedeafes buruko erien elkarteen federazioak ikerketa bat egin du, gaiari buruz dauden datu apurren larritasunak kezkatuta. Andre gaixoen artean lautik hiruk jasan dute indarkeria bikotean edo familian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu