Burujabetza

Burujabetzaz hausnartzea xede izanik, jardunaldiak antolatu dituzte Hernanin

Hernaniko Udalak, Hernani Burujabek eta Udalbiltzak sustatu dituzte. Lokaletik nazionalerako urratsa egiteko beharra nabarmendu dute

Jardunaldien aurkezpena, atzo goizean, Hernanin. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Hernaniko Udalak (Gipuzkoa), Hernani Burujabe herri ekinaldiak eta Udalbiltzak burujabetzaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19, 20 eta 21erako. Antolatzaileen asmoa da «herrigintza eta udalgintza eraldatzaileak» eratutako proiektuak ezagutzea, eta Euskal Herri osoan nola zabaldu hausnartzea.

«Lurraldea burujabetzaren ikuspegitik berrantolatzen saiatzeko» eratutako ekinaldia da Hernani Burujabe. Halere, azaldu dute Hernanitik kanpo ere Euskal Herrian badirela «burujabetzaren aterkipean» kokatzeko moduko esperientzia ugari, eta horietako batzuk jorratuko dituzte jardunaldietan; besteak beste, elikadura, zaintza, lana eta hezkuntza hizpide hartuta.

Lehen egunean, udalgintza eta burujabetza izango dira jardunaldietako lehen mahai inguruetako eztabaidagaiak, eta hizlarien artean arituko dira, Udalbiltzako eta Hernaniko Udaleko kideez gain, Jule Goikoetxea EHUko irakaslea eta Mireia Vehi CUPeko kidea, besteak beste. Urriaren 20a, berriz, gai sektorialak jorratzeko eguna izango dute. Hirugarren eta azken eguna, berriz, festa giroan pasatuko dute, Burujabetzaren Eguna ospatuz. Kalejira bat egingo dute, «ekinaldi honetan biltzen diren burujabetza sektoreak ezagutzeko geldialdiak eginez», eta herriko kulturgileen emanaldiekin osatuta.

Antolatzaileek azaldu dute aurkeztuko diren esperientziak landu eta lurralde erronkei lotzea dela jardunaldien helburua, «modu egituratu eta sistemikoan artikulatzeko» asmoz. Bide horretatik, Hernaniko alkate Xabier Lertxundik adierazi du halako proposamenak beste udalerri batzuetara ere zabaldu daitezkeela, eta horiek denak «saretu» egin beharko liratekeela: «Elkarrengandik ikasi eta edateko, eta proiektu hauek guztiek maila lokaletik nazionalerako pausoa emateko».

Bide horretan, Udalbiltzaren lana ezinbesteko bilakatu daitekeela uste dute. Hala azaldu du Haritz Alberdi partzuergoko lehendakariak. Burujabetza sustatzeko egitasmoak nazio mailan jorratzearen garrantzia nabarmendu du: «Horrelako jardunaldi batek aukera ematen digu esperientzia baten eta bestearen berri jakiteko eta egiten ari den lan guztia saretzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.