Burujabetzaz eta auzi sozialez

Independentismoa, feminismoa, identitatea... Gai askoren gainean hausnartu dute Apaolazak, Eskisabelek eta Etxartek Gasteizen egin duten mahai inguruan

Unai Apaolaza, Hedoi Etxarte eta Idurre Eskisabel, atzo, Gasteizen, EHUko Letren Fakultateak eskaini zuten solasaldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Unai Apaolaza filosofoa, Idurre Eskisabel EHUko irakasle eta kazetaria, eta Hedoi Etxarte idazlea solasean aritu ziren atzo, Gasteizen. Burujabetza, herri mugimenduak, feminismoa... Alor askotakoak izan dira hizlariek eskaini dituzten hausnarketak. ELAk eta Bergarako UNEDek [Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionala] antolatu dituzten jardunaldien parte izan da mahaiaren bueltakoa. Burujabetza nazionala eta auzi soziala izenburupean egin dituzte atzo eta herenegun saioak, EHUko Letren Fakultatean.

Izenburua aldatuko lukeela argitu zuen Apaolazak solasaldiaren hasieran. Nahiago luke Independentismo eraginkor baten alde izenburua; hain zuzen, eraginkortasunean ikusten baitu egungo estrategia independentistaren erronka nagusia. Gaur egun, biztanleriaren %80 independentziaren aldekoa izatea «ezinezkoa» da Apaolazaren ustez, baina posible ikusten du «beste bide bat» urratzen bada.

Apaolazaren iritziz, independentismoa «hirugarren fasean» sartzen ari da. «Ondo bidean», aldi «definitiboa» litzateke, estatua sortzekoa. Lehen fasea Sabino Aranarekin lotu du. «Karlismoaren helburu bera» izan zuen Aranak, Apaolazaren esanetan: «Foruak babestea». Baina, karlismoak etorkizunik ez zuela eta, abertzaletasunean aurkitu zuen «erreminta». Bigarren fasea 60ko hamarkadan kokatu du: ETAren sorreraren garaian. «EAJk ez zuen independentismoa artikulatzen», eta, beraz, independentziaren aldeko mugimenduak «erreminta berria» bilatu zuen marxismoan.

Egun, independentismoa «deseraikitze prozesuan» dago, Apaolazaren arabera. «Baliagarri dena hartu, beste zerbait eraikitzeko». Hala, helburuari eutsita, «estatu euskaldun, justu, feminista...», beste estrategia bat garatzeko beharra ikusten du.

Nazioak helburu izateari utzi beharko diola dio Apaolazak, gainontzean «abertzaleek bakarrik» defendatuko baitute estatua sortzea; eta, horrela, ez dago hura lortzeko «subjektu politiko nahikorik». Nazioaren kontzeptuak «gu» eta «besteak» bereizteko muga euskaldunen eta euskaldun ez direnen artean kokatzen duela adierazi du. Muga hori aldatu egin behar da, Apaolazaren ustez, «konfrontazio gune berriak» sortzeko.

Deseraikitze feminista

«Feminismoak identitateaz egiten duen hausnarketa» azpimarratu du Eskisabelek, eta euskalgintzarentzako ekarpen garrantzitsua dela deritzo.

Naturalizazioaren kontzeptuak «euskaldunak eta ez-gizonak» azpiratzen dituela ohartarazi du kazetariak. «Kognizio modu bat da. Zauden tokian zaude halakoa zarelako. Dagozkizun ezaugarriengatik». Ezaugarriok «funtzio jakin bat» eta «toki jakin bat» lotzen diote norbanako bakoitzari, «botere sarean». Hala, emakumeari hainbat ezaugarri egokitu izan zaizkion moduan—goxoa, besteak zaintzea gustuko duena, etxekoia, etab.—, euskarari ere ezaugarri jakin batzuk lotu izan zaizkio —etxekoa, landa eremukoa, ez-unibertsala, etab.—.

«Feminismoak normalizazioari buelta eman dio», Eskisabelen hitzetan. «Identitate arazoa zena, emakumeen kontua, demokrazia eta justizia kontu bihurtu ditu».

Eskisabelen iritziz, feminismoaren beste lorpen nagusietako bat izan da gizartean «pribilegioak nortzuek dituzten detektatu» izana. Euskalgintzak ere norabide horretan urratsak egin ditzakeela adierazi du.

Bestalde, kazetari eta irakasleak kezka agertu du «asmo eraldatzaile sakonak» dituzten zenbait sektoretan garrantzia «gai sozioekonomikoek bakarrik» dutela iritzita. Gogorarazi duenez, Pierre Bordieu soziologoak kapital ekonomiko, sozial, kultural eta sinbolikoak bereizi zituen, eta horietako bakoitzaren garrantzia azaldu. Eskisabelen arabera, «kapitalismoaren tresna da homogeneizazioa»; «desira eta nahi berak» ezarri nahi ditu, kontsumo joerak kontrolatu ahal izateko.

Instituziotik, destituziora

Nafarroako errealitate politiko eta sozialaz aritu da Etxarte. Krisia piztu zenetik (2008) gizartearen jarrera aldarazi duten hainbat gertakari aipatu ditu: 2011n, sortu zen 15-M mugimendua, ETAren arma uztea, Euskal Jai gaztetxearen eraistea, greba orokorrak; 2012an, Nafarroako Erreinuaren konkistaren 500. urteurrenaren harira azaleratu ziren kontakizun historikoak, eta, historizismotik aldenduz, abertzaletasunetik «imajinaziozko proiektua» eraikitzearen aldeko «diskurtso subertsiboa».

Testuinguru horretan, «destituzio fase ikaragarria» izan da Nafarroan, Etxarteren iritziz. «Ordura arte oso izen ona zuten egiturak —udala, Osasunbidea...— izen txarra izaten hasi ziren». Prozesua «oso azkar» gertatu dela dio idazleak, eta Nafarroan «erregimen bat» indarrean dagoela ziurtatzea izan dela gakoetako bat.

Etorkizunean burujabetzaren aldeko «apustua handitu egin beharko» dela deritzo Etxartek. «Konpetentzien antzerkia» ez da nahikoa izango «ezagutu dugun gobernu eredua mantentzeko». Gogorarazi duenez, Espainiako gobernuak Nafarroako 17 legeri jarri die errekurtsoa epaitegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.