Hernaniko Udalak (Gipuzkoa), Hernani Burujabe herri ekinaldiak eta Udalbiltzak burujabetzaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19, 20 eta 21erako. Antolatzaileen asmoa da «herrigintza eta udalgintza eraldatzaileak» eratutako proiektuak ezagutzea, eta Euskal Herri osoan nola zabaldu hausnartzea.
BURUJABETZAK jardunaldiak antolatu ditugu Hernani Burujaberekin elkarlanean. Udalgintza eta herrigintza esperientzia eraldatzaileak partekatuko dira bertan, burujabetzak gaitzat hartuta. Urriaren 19, 20 eta 21ean egingo dira, Hernanin. @HernaniBurujabepic.twitter.com/pzV6WXbGVg
— Udalbiltza (@Udalbiltza) September 27, 2023
«Lurraldea burujabetzaren ikuspegitik berrantolatzen saiatzeko» eratutako ekinaldia da Hernani Burujabe. Halere, azaldu dute Hernanitik kanpo ere Euskal Herrian badirela «burujabetzaren aterkipean» kokatzeko moduko esperientzia ugari, eta horietako batzuk jorratuko dituzte jardunaldietan; besteak beste, elikadura, zaintza, lana eta hezkuntza hizpide hartuta.
Lehen egunean, udalgintza, «elkarlan publiko-kooperatibo-herritarra» eta burujabetzaren aldarrikapena izan dituzte hizpide, eta hizlarien artean arituko dira, Udalbiltzako eta Hernaniko Udaleko kideez gain, Jule Goikoetxea EHUko irakaslea eta Mireia Vehi CUPeko kidea, besteak beste. Urriaren 20a, berriz, gai sektorialak jorratzeko eguna izango dute. Hirugarren eta azken eguna, berriz, festa giroan pasatuko dute, Burujabetzaren Eguna ospatuz. Kalejira bat egingo dute, «ekinaldi honetan biltzen diren burujabetza sektoreak ezagutzeko geldialdiak eginez», eta herriko kulturgileen emanaldiekin osatuta.
Antolatzaileek azaldu dute aurkeztuko diren esperientziak landu eta lurralde erronkei lotzea dela jardunaldien helburua, «modu egituratu eta sistemikoan artikulatzeko» asmoz. Bide horretatik, Hernaniko alkate Xabier Lertxundik adierazi du halako proposamenak beste udalerri batzuetara ere zabaldu daitezkeela, eta horiek denak «saretu» egin beharko liratekeela: «Elkarrengandik ikasi eta edateko, eta proiektu hauek guztiak maila lokaletik nazionalerako pausoa emateko».
Bide horretan, Udalbiltzaren lana ezinbesteko bilakatu daitekeela uste dute. Hala azaldu du Haritz Alberdi partzuergoko lehendakariak. Burujabetza sustatzeko egitasmoak nazio mailan jorratzearen garrantzia nabarmendu du: «Horrelako jardunaldi batek aukera ematen digu esperientzia baten eta bestearen berri jakiteko eta egiten ari den lan guztia saretzeko».