Burujabetza

Burujabetzaren arloan «aukerak baliatzera» deitu du Sortuk

Arkaitz Rodriguezek beharrezkotzat jo du «kaleko bulkada» aktibatzea, subiranismoa indartzeko.

Elejabarrieta, Rodriguez eta Gil de San Vicente.
jon olano
2022ko ekainaren 21a
21:05
Entzun

Aste eta erdi falta da Kataluniako eta Euskal Herriko eragile subiranistak Pirinioetan mobilizatzeko, eta, gaur, subiranismoaren eta independentismoaren abagune politikoaz jardun dute Kizkitza Gil de San Vicente Sortuko ekintza politikoko arduradunak, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Gorka Elejabarrieta EH Bilduko nazioarteko arduradunak, Iratzar fundazioak Prozesu independentistan zein momentutan gaude? izenburupean antolatutako solasaldi batean. Besteak beste, Rodriguezek azaldu du egungo egoeran «arrisku ikaragarriak» daudela; baina baita «aukera handiak» ere: «Pandemiak inoiz baino nabarmenago utzi ditu, batetik, burujabetzaren beharra, eta, bigarrenik, indarrean den sistema ekonomiko eta sozialaren mugak eta bidegabekeriak». Horiek horrela, Espainiako Gobernuan zabaldutako “aukera baliatu” beharra dagoela nabarmendu du.

Bide horretan, «gehiengo sozial zabalak» artikulatzea funtsezkoa iruditzen zaio Rodriguezi: «Ezinbesteko lehengaia hori da; egunetik egunera indartsuago izatea». Izan ere, horretarako «kaleko bulkadak» duen garrantzia nabarmendu zuen: «Azken bost-hamar urteetan, azken hamarkadetako mobilizaziorik handienak egin dira herri honetan; erabakitzeko eskubidearen defentsan, mugimendu feministaren eskutik, pentsiodunen eta langileen eskutik… Hemen badago herri bat bizirik, autoantolaketa gaitasun inportantea duen gizarte bat».

Herritarren mobilizazioan jarri du arreta Gil de San Vicentek ere: «Jendarteak du hitza, eta behartu behar ditugu alderdiak erantzunak ematera, arriskatzera, mugitzera akordioak egiteko; uztailaren 2an jendarte zibilak antolatu duen mobilizazioak ere ematen digu agentzia». Gainera, dei egin zien independentistei: «Independentzia bilakatu behar dugu gure identitate politikoaren ardatza. Harrotasunez azaldu behar dugu, nabaritu egin behar da independentistak garela».

Elejabarrietak, ordea, nazioarteko egoerari erreparatu dio: «Gero eta argiago geratzen ari da gero eta indar handiagoaduela norbere burujabetzak, erabaki estrategikoak garatzeko norberak daukan gaitasunak. Gero eta gehiago entzuten da beharrezkoa dela autonomia estrategikoa, norbere herriaren ongizatea bermatu ahal izateko».

Norabide horretan, uste du ez dela kasualitatea urteotan estaturik gabeko herrietan «gero eta indartsuagoak» izatea burujabetza handiagoa eta independentzia aldarrikatzen duten indarrak, eta zenbait aldagai komun antzeman ditu, irakaspen gisa erabil daitezkeenak: «Izan dira zenbait aldaketa, guretzat oso garrantzitsuak direnak. Orokorrak dira: Euskal Herrian gertatu dira, Katalunian ere bai, baina Europako beste hainbat tokitan ere bai. Momentu berean. Horrek pentsarazten digu badirela ezaugarri batzuk komunean bultzatzen dutenak, momentu historiko honetan, hori gertatzera”. Bi nabarmendu zituen: batetik, duela hogei urtetik hona Europako estaturik gabeko herri gehienetan independentismoak utzi egin diola “eragile txiki bat izateari" eta "eragile indartsu eta bozkatuena» bihurtu dela: «Hori gertatu da Eskozian, Irlandan, Faroen, Groenlandian, Flandrian, Korsikan, Katalunian, Korsikan, Euskal Herrian. Denetan batera». Bigarrena: «Gero eta gehiago, Europan horrelako gatazkak konpontzen dira erabakitzeko eskubidearen aplikazioaren bidez».

Gaineratu zuenez, Euskal Herriko egoera ezberdina da, baina «argi dago Europan estaturik gabeko herriek aurrera egiten duten heinean, erabakitzeko eskubidearen aplikazioa normalizatzen den heinean, Espainiako eta Frantziako estatuetako agintariei gero eta zailagoa egingo zaiela euskaldunok erabaki dezagun geldiaraztea». Gakoa indarra da, Elejabarrietaren esanetan: «Norberak daukan indarra bere herriak etorkizuna modu demokratikoan erabaki ahal izateko. Kasu guztietan, behar-beharrezkoa da indar harreman hori izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.